Egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako laguntzak

2020ko apirilak 03

Mundu osoan gertatzen ari den bezala, Eskoriatzan ere ikusten ari gara koronabirusak (Covid-19) eragindako pandemiaren ondorioak: konfinamendua, gaixoak…, eta batez ere, egoera zaurgarrian geratu diren pertsonak.

Izan ere, birusaren aurrean hartu diren salbuespenezko neurriek zailtasun bereziak eragiten dizkiete kolektibo zaurgarrienetako pertsonei (adinekoei edota mugikortasun arazoak dituztenei, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei…), eta are gehiago, harreman sare zuzenik (familia, lagunak, bizilagunak…) ez dutenei.

Aipatutako kolektiboei laguntzeko Udalak elkartasun sare bat osatu du herrian,eta, dagoeneko, 23 boluntariok izena eman dute laguntza eskaintzeko.

Boluntario zerrenda hori eta laguntza behar duten herritarren beharrak Gurutze Gorrira bideratzen dira, eta beraiek arduratzen dira herritarrei laguntza emateaz.
Gizarte Zerbitzuak, dagoeneko, 93 pertsonarekin jarri dira harremanetan laguntzarik behar duten ikusteko. Egun hauetan, 80 urtetik gorakoei deitzen ari dira, eta, aurrerago, 70 urtetik gorakoei deitzea aurreikusten da.

Laguntza motak

1.- Boluntario sareak, Gurutze Gorriaren bitartez, bereziki ondorengo laguntza eskaintzen die laguntza behar dutenei:

  • Oinarrizko erosketak egitea: elikagaiak eta oinarrizko higiene eta garbiketa produktuak.
  • Zaborra ateratzea.
  • Medikuak agindutako sendagaiak erostea.

Laguntza jasotzeko jarraitu beharreko pausoak:

Udalak egindako telefono deien bidez dagoeneko zenbait herritarren beharrak detektatuta daude, baina horretaz aparte, laguntza behar duten eskoriatzarrek Eskoriatzako Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu beharko dute eta beharrezko datuak eman.

  • Telefonoa: 943 71 31 36
  • Ordutegia: 9:00-13:00, astelehenetik ostiralera. Jai egunetan ez da zerbitzurik izango.

2.- Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeek, lehentasuna dute bai udalarentzat bai gizartearentzat; tolerantzia 0 izan behar dugu kasu horietan. Horrelako egoeran bazaude edo horrelakorik antzemanez gero, hemen ikus ditzakezu Udalak eskaintzen dituen baliabideak.

Orokorrean, horrelakoak salatzeko 112 telefonora deitu.

3.- Koronabirusaren krisia dela-eta, Udalak atzeman du familia batzuk diru sarrerarik gabe geratu direla, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarik ere (RGI gazteleraz) ez dutela; eta jakinik Elikagaien Bankuak ere bere jarduna etenda duela, familia horien egoera arintzeko baliabide hauek jarri ditu martxan:

3.1.- Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). Tramiteak erraztu egin dira beharra duten familiek laguntza hori ahalik eta azkarren jasotzeko.
Laguntza horietan bada atal bat behar pertsonalak puntualki dituztenei laguntzeko, eta alarma egoerak irauten duen bitartean, atal horretan sartu ahal izango dira janaria erosteko laguntzak.

Eusko Jaurlaritzak 16 miloi euro gehiago jarri ditu Gizarte Larrialdietarako laguntzetan Euskal Autonomi Erkidegorako, eta horietatik 16.000 euro dagozkio Eskoriatzari. Eskoriatzako Udalak 2020ko aurrekontuetan 35.000 euro zituen kontzeptu horretarako, eta Jaurlaritzak emandako horrekin 51.000 € izango ditu.

3.2. CARITAS. Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta janaria edo janaria erosteko laguntza emango die beharra dutenei.
Elkarlanean aurrera

Eskoriatzako Udalak azpimarratu nahi du egoera zaurgarrian dauden pertsonei babesa eskaintzea duela helburu eta horretan jarraituko duela. Eta, era berean, pandemia honi aurre egiteko laguntza eskaintzen duten boluntario eta pertsona guztiei eskerrak ematen dizkie.

Elkarlanean aurrera egingo dugu!!

Udaletxea itxita egon arren, zerbitzua ematen jarraitzen dugu telematikoki.

Gizarte Zerbitzuen telefonoa: 943 71 31 36. gizarte@eskoriatza.eu