“Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan” kanpaina abian da

2016 / 04 / 08

Logoa_euskaraosakidetzanApirilaren 5ean aurkeztu zen Arrasateko Debagoieneko Ospitalean “Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan” kanpaina, hain zuzen ere herritar euskaldunak euren lehentasunezko hizkuntza euskara aukeratzeko hautua egitera animatzen dituena; izan ere Osakidetzak aukera ematen die herritarrei lehentasunezko hizkuntza aukeratzeko.

Zer da lehentasunezko hizkuntza?

  • Osakidetzak paziente guztien fitxa dauka, eta bertan jasotzen da, besteak beste, zein hizkuntzatan gura duen bakoitzak arreta jaso.
  • Atendituko gaituzten profesionalek fitxa bakoitzean ikusiko dute arreta euskaraz nahiago duzula, eta arreta euskaraz eskainiko dizu Osakidetzak, zitak eta bestelakoak euskara hutsean jasoko dituzu… Momentuz ez da posible zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea, baina aukera dagoen guztietan horrela egingo da.

Nola egin eskaria?

Modu errazean egin daiteke, bide hauetakoren bat erabilita:

  • Osasun Zentroko harreran eskatu, norbere fitxan lehentasunezko hizkuntza euskara izatea. Bertako langileek zuzenean egingo dute aldaketa.
  • Familia medikuari edo erizainari adierazi kontsultara joandakoan, eta eurak zuzenean egingo dute aldaketa.
  • Internetez norbere Osasun Karpetan sartu eta aldaketa eginda.

Kanpaina hau Debagoienean gauzatu da, eskualdeko eragile desberdinen koordinazioan, izan ere Debagoieneko ESIk, Debagoieneko Udalek eta bertako euskara elkarteen arteko elkarlanaren bitatez gauzatu baita. Eskoriatzako Udalak, beraz, herritar euskaldunak animatu nahi ditu eskaera hori bideratzera.

Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan from Eskoriatzako Udala on Vimeo.