Zaldibar antzokiko ikuskizunetarako sarrerak aurrez erosteko aukera
2015 / 10 / 08“Kultur mahaiak” bi ikuskizun antolatu ditu urrirako Zaldibar antzokian: umeentzako “Barbantxo” ikuskizuna eta, hil bukaeran, “Mr. Kebab” antzerkia.
Bi ikuskizun horietarako sarrerak aldez aurretik erosi ahal izango dira internet bidez edo kiroldegian.
Internet bidez erosiz gero, sarrerak pixka bat garestiagoak izango dira salmenta egiten duen enpresak kobratzen dituen gestio gastuengatik.
Aurrez saltzen ez diren sarrerak leihatilan jarriko dira salgai ikuskizunaren egunean. Leihatila ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago irekiko da, eta antzokira sartzeko ateak, berriz, ordu laurden lehenago.
Bestalde, Atxorrotx Kultur elkarteak Governors taldearen kontzertua antolatu du urriaren 23rako, gabeko 23:00etan. Kasu honetan, sarrerak leihatilan salduko dira.
Barbantxo 3D ikuskizuna urriaren 18an, arratsaldeko 17:00etan, izango da. Ikuskizun hau Logela Multimedia konpainiak ekoiztu du Madrileko “Al descubierto” antzerki taldearen laguntzarekin taularatzeko orduan. Barbantxo 3D lan honetan mapping teknika antzerkiarekin uztartzen da, eta musika eta kantuak 3D proiekzioekin.
Ama ohean gaixorik dago eta Barbantxo txiki eta bihurriak basoan lanean ari den aitari janaria egin eta eramango dio. Amak Barbantxori 3D-ko betaurrekoak emango dizkio bidean gertatu daitezkeen arriskuei aurre egiteko. Barbantxok betaurrekoak janzten dituen momentuan publikoak ere jantziko ditu. Interakzio honek mundu harrigarri bat iragartzen du, interakzio hau baita 3D-ko irudi garaikideen eta ilustrazio tradizionalaren arteko zubia.
Michelin izarrik gabe datorkigu Mr. Kebab umorez, magiaz eta surrealismo handiz, absurdoa erabilita barre algaren bidez ziria sartu nahian, gau-emanaldi honekin gozaraztera. Kritikak laudatutako ikuskizuna “lotsagabea, absurdoa bere ederrean, eta hitz bakarrean, bikaina”(Süddeutsche Zeitung).
Joan Estraderrek Cristina Medinarekin sortu zuen “Pez en raya” 1997an. Ordutik 10 ikuskizun sortu eta ekoiztu dituzte, mundu erdiko eszenarioetan erakutsi dituztenak. Gure artean, urriaren 30ean, ostiralean, Zaldibar antzokian egongo da.