Udalak Hiri Berritze Plana landuko du herritarrekin batera
2015 / 10 / 15Bi bilera ireki egingo dira, non eskoriatzarrek beraien ekarpenak egin ahal izango dituzten herriko auzoak, elizateak, irisgarritasun eta mugikortasuna hobetzeko. Ekimen hau hauteskunde programan hartutako konpromiso baten parte da.
Hauteskundeetan agindutakoa betez, Eskoriatzako udaleko gobernu talde berriak udalerriko auzo eta elizateetako hiri-altzari, zerbitzu eta azpiegiturak hobetzeko; herriko irisgarritasun eta mugikortasun arazoak konpontzeko eta eremu atseginagoak sortzeko ekimena abian jarri du. Horretarako, parte-hartze prozesu baten baitan herritarrekin bi bilera ireki egingo dira, herriko auzoetako beharrak identifikatu eta eskoriatzarren proposamenak jasotzeko.
Era berean, Erretiratuen Elkarteak ekimen honetan modu aktiboan parte-har dezan nahi da, zahartze aktiborako programaren ildotik, beren ekarpenak planak ezarriak dituen helburuak lortzeko oso baliagarriak izan daitezkeela uste delako.
Joserra Zubizarreta herriko alkateak adierazi du, “guztiz jakitun gera eskoriatzarrak direla herria eta bere beharrak hobekien ezagutzen dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa da hiri-berritze plan honetan guztiak inplikatzea”. Gainera, udal agintariak azpimarratu nahi izan du herritarrak kontsultatu eta elkarlanean aritzeko dinamika hau ez dela ekintza puntuala izango, udal talde berriak beste hainbat eremutara zabalduko duen lanerako modua baizik.
Bi bilera
Etxe guztietara bidali den eskuorri baten bitartez, udalak eskoriatzar guztiei dei egin die antolatu diren bi bilera irekietan parte-hartzera. Herria bi eremutan banatu dute eta bilera bakoitzean eremu horietako baten inguruan hitz egingo da.
- Urriaren 19a, astelehena, 19:00etan, Ibarraundi museoan – Bilera honetarako gonbidapena honako herritarrei luzatzen zaie: Gellao, Mendiola, Apotzaga, Bolibar, Lete, Intxaurtxueta, San Pedro, Gaztañadui kalea, Gorosarri plaza eta Santa Ana auzoa.
- Urriaren 21a, asteazkena, 19:00etan, Mondragon Unibertsitateko fakultatean (HUHEZI) – Bilera honetarako gonbidapena honako herritarrei luzatzen zaie: Hidalga, Arana, San Juan eta Aranburuzabala kaleak, Aingeru Guarda pasealekua, Olaeta plaza eta Mazmela, Marin, Zarimutz, Elorreta, Olazar eta Dorleta.
Egin zure ekarpenak emailez
Hala ere, bilera hauek ez dira parte-hartzeko bide bakarrak izango eta udalak helbide elektroniko bat egokitu du hiriberritzeplana@eskoriatza.eus nahi duenak udal gobernuari bere kexak, proposamenak eta ideiak bidali ahal izateko. Modu berean, Zubizarreta alkateak gogorarazi duenez “beti izango ditugu eskoriantzarrentzat ateak zabalik beraien eskaerak eta iradokizunak entzuteko”.
Bukatzeko, udal taldeak eskoriatzar guztiak animatu nahi ditu ekimen berri honetan gogotsu parte-hartzera, denon artean etorkizuneko Eskoriatza hobeagoa eraikiko dugulako.