Udal kirol zerbitzuaren kudeaketa kalitatea saritu dute
2016 / 12 / 19Eskoriatzako Udaleko Kirol zerbitzuak 3K –Kalitatea Kirol Kudeaketan– ziurtagiria jaso du. Abenduaren 14ean banatu zituzten agiriok, Gasteizko Europa Jauregian , eta bertan, Eskoriatzako Udaleko Kirol zerbitzuak, azken hiru urteetan egindako lanaren fruitua jaso zuen.
Kirol erakundeen kudeaketa hobetzeko, 3K Programa prestakuntza-ekintza programa bat da, hiru Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak antolatua eta diruz lagundua eta EUSKALITek koordinatua, eta bere helburua EAEko kirol erakundeen kudeaketa hobetzen laguntzea da, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan oinarrituta.
Programan 200 kirol-erakundek baino gehiagok parte hartu baitute 2006. urtean sortu zenetik; besteak beste, kirol-enpresek, Euskadiko eta lurraldeetako federazioek, kirol-klubek, udal-kirol zerbitzuek eta guraso-elkarteek.
Hiru urteko programa da (gutxiago aurretiko kudeaketa maila bat dagoela erakusten bada), eta xedea da erakundeek, prestakuntza saio/tailerren bitartez eta hainbat ariketa praktiko eginez, beren antolamenduan Kudeaketa Aurreratuaren funtsezko alderdiak eta praktika onak ezagutzea eta garatzea.
Programaren hirugarren urtea amaitu eta gainditu ondoren Kudeaketa Aurreratuaren Diploma lortzeko aukera izango da.
Eskoriatzako Udaleko Kirol zerbitzuak 2015eko urrian, oinarrizko mailari dagokion diploma jaso zuen eta, oraingo honetan goreneko maila eskuratu du.
Kirol zerbitzuan garbi dago, hori ez dela helmuga, beste urrats txiki bat baizik, eskoriatzar aktibo kopurua handitzeko helburuaren bila, herritarrei behar duten kalitatezko kirol zerbitzuak eman ahal izateko.