Eskoriatzako herritarren %40ak euskara du harreman-hizkuntza Udalean

2022 / 01 / 25

Herritarrek eskubidea dute udalekin dituzten harremanetan zer hizkuntza ofizialetan aritu nahi duten aukeratzeko, eta udalek herritarrak aukeratutako hizkuntzan artatu beharko dituzte. Hori horrela, Eskoriatzako Udalak hizkuntza errolda sortu zuen 2016ko udaberrian, eta herritarrei Udalarekin harremanak euskaraz ala ele bitan izan nahi dituzten galdetu zitzaien orduan. Harrez gero, urtero, otsailean, aurreko urtean 18 urte bete dituzten gazteei hizkuntza hautua egiteko eskutitza bidaltzen zaie.

18 urtekoei galdetzea

18 urte bete berri dituzten gazte ia guztiek euskara hutsezko hezkuntza jaso dutela kontuan izanik, logikoena horiekin harremana euskara hutsean izatea da, eta hori da Udalak proposatzen diena. Baina hautua pertsonala denez, aukera egiteko 2 bide eskaintzen zaizkie: online formularioa betetzea, edo bestela, eskutitzarekin batera bidalitako orria udaletxean entregatzea. Batetik nahiz bestetik egin aukera, aurten otsailaren 28a izango da erantzunak bidaltzeko azkeneko eguna.

Jasotako erantzunak Udalaren datu-base guztietan txertatuko dira eta hortik aurrera hizkuntza hautu horren arabera bidaliko dizkie Udalak gutunak, jakinarazpenak…

 

Informazio gehiago