Igandean, Santa Ageda eguna
2023 / 02 / 03Santa Ageda eguna ohitura handiko jaia da Eskoriatzan, Euskal Herriko beste herri askotan moduan aspaldidanik ospatzen dena. Santa Ageda eguna igande honetan da, otsailaren 5a, baina nahiz eta lehen bezperan hasi, orain dela urte batzuk bezperaren bezperan ematen zaio hasiera ospakizunari
Bihar larunbata, elizateetan ibiliko dira kantuan eta eskean; eta, igandean, berriz, janzkera aldatu eta kalez kale ikusiko ditugu, etxez etxe, koplak kantatuz santa-eskean, trikitixak edo soinuak lagunduta. Fraka eta alkandora zuriak, alpargatak ere zuriak zinta gorriekin, gerrikoa, txapela eta lepoan, koloredun zapi handia.
Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerriko beltza ibiltzen dituzte.
Zeintzuk dira “kintoak”
Eskoriatzan, lehen, Santa Ageda jaiaren protagonistak “kintoak” izaten ziren. Kintoena Espainian XVII. mendean errotu zen ohitura da. 18 urte betetzen zituzten gazteek, Espainiako ejertzitoarekin instrukzioa egitera derrigortuta zeuden. Mutilak hautatzeko zozketa egiten zen, eta hala, bost mutiletik bat mobilizatzen zuten, hortik dator “quinto” (bosten) berba. Euskal Herrian kinto-sistema hau 1876. urtean jarri zen indarrean, foruak galdu zirenean.
Beranduago, sistema hori galdu egin zen, eta 18 urte betetzen zituzten mutil guztiak deitzen zituzten soldaduzkarako. Horrela izan zen derrigorrezko soldaduzka 2001. urtean kendu zuten arte.
Beraz, 18 urte betetzen zituzten mutilek hartzen zuten protagonismoa Santa Ageda egunean, aurrean zeukaten urte gogorraren aitzakian. Soldaduzkara joateko derrigortasuna kendu zenean, eta tradizioari eutsi nahian, Eskoriatzan Santa Ageda eguna ospatzen jarraitu da. Gainera, 2007. urtetik aurrera mutilak ez ezik, adin bereko neskek ere parte-hartzen dute eta horri buruzko informazioa dokumental honetan ikusi daiteke.
Dantzak
Santa Ageda neska-mutilek 2 egunetan egiten dute dantza herriko plazan: lehenengoa, Santa Ageda egunean (otsailak 5, aurten, igandea) eta bigarrena, hurrengo domekan, otsailak 12. Herriko kaleetatik atalataikoan datozela iritsikodira neska-mutilak plazara.
Arratsaldeko 19:00etan, elizako kanpaiekin batera, etxaflero bat bota eta dantza-ekitaldiari hasiera emango zaio.