Bihar , ekainak 1, Ferixie ospatuko da Eskoriatzan

2024 / 05 / 31

Arizmendi ikastolak Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Ferixiek hogeita seigarren edizioa beteko du aurten.

Baserriko produktuak eta elikagaiak, artisautza eta beste hainbat gauza izango dira ikusgai larunbat honetan. Aurten 83 postu egongo dira, horietatik 61, artisauenak, eta 22, elikagaienak; eta guztietatik 26, eskoriatzarrenak.

Egitaraua zabala eta askotarikoa da, eta jende guztiarentzako jarduerak aurki ditzakegu bertan: txorimalo lehiaketa, dantza taldearen emanaldia, motozerrarekin egindako zurezko lanen erakustaldia…  EGITARAUA HEMEN

Argazki erakusketa

Nara Dominguez eskoriatzarra Madrilen bizi da eta Ferixaren 26. edizioan, Lanederra! izeneko argazki erakusketa jarriko du ikusgai. Bailarako zenbait ekoizle eta artisau erretratatu ditu, eta horrekin Euskal Herriaren kultura eta tradizioaren parte izan diren eta oraindik ere bizirik diren lanen historia erakutsi nahi du.

Zortzi argazki dira, eta guztietako protagonistak, debagoiendarrak. Artisauen azken belaunaldia jaso nahi izan da lan honetan, galtzear dagoen ogibide bakoitzaren atzean dauden istorioak kontatzeko eta euskal kulturaren artxibo bisual bat sortzeko asmoz.