Bisita gidatua Lagunkoia Eskoriatzarekin
2024 / 07 / 02Uztailaren 6an, larunbata, eskoriatzarrok gure herriko aberastasun monumentala ezagutzeko aukera izango dugu Lagunkoia Eskoriatzak, Arantxa Otaduy historialari arrasatearraren laguntzarekin, antolatu duen ibilbide gidatuaren bidez.
Ibilbidea asko ibiltzen ez diren pertsonentzat pentsatuta dago, aukera izan dezaten gure eraikin garrantzitsuenei eta beraien historiari buruzko azalpen interesgarriak jasotzeko.
Ibilbidea honako hau izango da: Ibarraundi museotik irtenda, Iturrizarretik zehar San Pedro elizara, gero, Eskoriatzako antzinako ospitalera (gaur egun Mondragon Unibertsitatea), tren geltoki zaharrera, eta, aukeran, kanposantura. Kanposantua bisitatu nahi ez dutenek Fernando Eskoriatza plaza inguruan dagoen antzinako burdinolara joango dira, bertan amaituko baita bisita.
Ibilbidea nagusien mugikortasuna kontuan hartuta prestatu da, eta, horregatik, 2 km ditu bakarrik; gutxi gorabehera, bi ordutan egiteko. Gainera, azalpenak gerizpea eta bankuak dauden lekuetan emango dira, eta leku batetik bestera ez gara 15 minutu baino gehiago ibiliko.
Kontuan izanik bisita uztailean dela, ibilbidea goizeko 10etan hasiko dugu Ibarraundi museotik.
Plaza mugatuak izango dira. Interesdunek jubilatuen elkarteko bulegoan (martitzen eta eguenetan, 11:00etatik 12:30era) edo Kiroldegian (Asier Urcelay) eman ahal izango dute izena.
Oinetako erosoak eta, eguraldiaren arabera, bisera eta ur botila eramatea gomendatzen da.