Gabonetako egitaraua
2024 / 12 / 18Gabonak urteko sasoirik politenetakoa da askorentzat eta Udalak Gabon giroaz gozatzeko programa prestatu du. Herritar guztiei zuzendua dago ekitaldi sorta, eta bereziki, haurren artean ilusioa piztuta mantentzeari begira. Gaztelekuan ere programazio berezia egongo da.
Abenduaren 20an, 18:30 Musika Eskolako Gabonetako kontzertua izango da kiroldegian. Bertan, biolin, gitarra, haize instrumentu, kantu eta dantza taldeen emanaldiak egongo dira, eta baita Musika Bandarena ere.
Abenduaren 21ean, larunbata, 19:00etan, Zaldibar antzokian, Eñaut Zubizarretak bere azken lana aurkeztuko digu, Doodem, musika, dantza eta kultura nahasten dituen emanaldi multidiziplinarra, Xalbador Lakuntza saxo baritonoak eta Amaiur Luluaga dantzariak lagunduta.
22an, igandea, 19:00etan, Zaldibar antzokian, Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak “Almazenean” lana antzeztuko dute. Bertan, erretiratzear dagoen arduradun batek (Iker Galartza) eta hura ordezkatuko duen pertsonak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean.
Abenduaren 24an Olentzerok eta Mari Domingik hartuko dute protagonismoa. Goizean, laguntzaileak egongo dira plazan umeen eskutitzak jasotzen, eta arratsaldeko 18:00etan Apotzagatik datozen Olentzero eta Mari Domingirekin batera, kalez kale, Gabon kantak.
Abenduaren 25ean Letagin taldearekin kontzertua antolatu dute Inkernu tabernan, eta hurrengo egunetan, 26, 27 eta 28an, Manuel Muñoz kiroldegian Gabonetako parkea antolatu da. Ostegunean tailer txokoa txientzako eta triatloia 6 urtetik gorakoentzako, eta ostiral eta larunbatean kantxan puzgarriak, eskulan tailerrak, ohe elastikoak…..
Nagusientzako ere egongo da zereginik. Hain zuzen ere, dantzaldia egongo da abenduaren 28an Zaldibar antzokian 18:00etatik aurrera. Bertan, DJ Motorekin, pasodobleak, rantxerak, tangoak eta estilo askotariko musika dantzatzeko aukera egongo da.
Urtea bukatzeko, 31ean, ohikoa den bezala Silbestradie egongo da, goizean haurren lasterketa eta arratsaldean helduena.
Urtarrilaren 2an eta 3an tailerrak antolatu dira ludotekan LH3 eta LH6 bitarteko umeentzako, eta bukatzeko, urtarrilaren 5an Ekialdeko magoek gutunak jasoko dituzte plazan.
Gainera, Baso guztien barnetik, uste guztien gainetik erakusketa mitologikoa egongo da zabalik Ibarraundi museoan abenduaren 29a arte. Bertan protagonista dira Mari, Tartalo, Basajaun, Sugaar, Gaueko… eta nola ez, Olentzero eta Mari Domingi.
Bestalde, gaztelekuan, Gabonetako oporretan ekintza bereziak antolatu dira, izotz pistara irteera, urte amaiera festa, sukaldaritza tailerra…
Egitarauko ekintzen xehetasun guztiak www.eskoriatzakoagenda.eus webgunean kontsultatu daitezke.
Ondo bukatu eta hobeto hasi urtea!!
GABONETAKO EGITARUA PDF