Tortolis ludotekako ate irekiak
2026 / 09 / 28
Eskoriatzako Ludotekak prest ditu dagoeneko datorren ikasturteko ekintza eta xehetasun guztiak. Urrian hasiko da jarduera berria, eta hezitzaile taldeak hainbat berritasun eta hitzordu jakinarazi nahi dizkie herriko familiei:
Ate irekiak eta guraso bilera
Urriaren 1ean eta 2an Ate Irekiak egingo dira Ludotekako espazioa ezagutu eta hezitzaileekin lehen kontaktua izateko. Saio horietan haurrek heldu baten konpainian egon beharko dute, ezingo baitira bakarrik utzi.
Bestalde, urriaren 1ean bertan, 18:30ean, gurasoei zuzendutako bilera egingo da. Herriko familia guztiak daude gonbidatuta, zerbitzuaren filosofia, helburuak eta funtzionamendua gertutik ezagutzeko.
Ohiko ordutegia eta aforoa
Urriaren 5etik aurrera ohiko funtzionamenduari ekingo zaio:
- HHko taldea: 16:45 – 18:00
- LHko taldea: 18:00 – 19:15
Aurreko ikasturtean parte-hartze oso altua izan zenez, aurten, espazioak duen edukiera gainditzen dela ikusten bada, erabilera mugatuko da. Guraso bileran emango dira edukieraren kudeaketari buruzko xehetasunak. Zerbitzuak neurri berri horiekin funtzionatuko du kalitatea eta haurren segurtasuna bermatze aldera.
Horrez gain, aurreko ikasturtean estreinakoz egin ziren familiei zuzendutako larunbatetako ekintzek izan zuten balorazio ona kontuan izanik, aurten 4 asteburutan goiz bateko ekintza bereziak antolatuko dira.
Izen-ematea eta ordainketa
Izen-ematea urriaren 1ean zabalduko da, ate irekiekin batera. Aurten izen-ematea eskuz egin beharko da, haurraren fitxa beteta eta ordainketaren egiaztagiria Ludotekan aurkeztuta.
Urte osoko kuota 37 eurokoa da eta bi modutan ordain daiteke:
- Ordainketa bakarra: 37 euro urrian.
- Hiru hilero: urrian (14,50 €), urtarrilean (14,50 €) eta apirilean (8 €).
Ate irekietan zein guraso bileran itxarongo zaituztegu, bertan zalantza guztiak argituko dira. Informazio gehiagorako deitu telefono zenbaki honetara: 688 60 13 74.
Zerbitzuaren inguruko informazioa eskura izango duzue:
- Ludotekako ateko informazio panelean.
