Eskola Agenda 2030: Ongizate emozionala ardatz

2026 / 11 / 25

Eskoriatza eta Aretxabaletako ikastetxeek eta udalek elkarlanean abiatu dute egitasmoa. Ikasleek herriko guneak aztertu eta hobekuntza proposamenak aurkeztuko dizkiete agintariei.

Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeek eta udalek Eskola Agenda 2030 egitasmoa jarri dute martxan berriro. Garapen Jasangarrirako Helburuak oinarri dituen programa honek ikasleen partaidetza aktiboa bultzatzen du, hezkuntza komunitatea tokiko errealitatearekin zuzenean lotuz.

Aurtengo erronka: ongizate emozionala

Aurtengo ikasturtean Ongizate Emozionala izango da ardatz nagusia, 3. eta 11. Garapen Jasangarriko Helburuekin lotuta. Azterketa zientifikoek erakusten dute naturak, espazio berdeek eta ingurune seguruek eragin zuzena dutela osasun mentalean. Hori dela eta, ikasleek ingurune fisikoak eta emozionalak euren ongizatean duten garrantzia aztertuko dute.

Ikasleak eraldaketaren protagonista

Eskola Agenda 2030 ez da teoria hutsa, Ikasleek ibilbide oso bat egingo dute ikasturtean zehar: herriko guneak bertatik bertara aztertu, indarguneak eta hobetzeko alderdiak atzeman, eta ekintza eraldatzaile bat antolatuko dute. Ikasturte amaieran, egindako lanketa udal agintariei aurkeztuko diete, hobekuntza proposamen zehatzekin batera.

Udal Foroa: lehen hitzordu garrantzitsua

Proiektuaren lehen urrats publikoa Udal Foroa da. Aretxabaletan azaroaren 4an egin zuten topaketa, eta Eskoriatzan azaroaren 26an izango da hurrengoa. Bertan, ikasle ordezkariek ikasturteko erronka nagusiak aurkeztuko dizkiete tokiko agintariei.

Programa honetan Luis Ezeiza Herri Eskola, Arizmendi Ikastola eta Kurtzebarri LH eta DBHko ikasleek, irakasleek eta bi udaletako ordezkariek hartzen dute parte. Helburua argia da: bi herriak jasangarriago, seguruago eta emozionalki osasuntsuago bihurtzea.