135 pertsona elkartu ziren Eskoriatzako jubilatuen omenaldian

2023 / 09 / 25

Atzo, irailak 24, urtero bezala, 65 urtetik gorakoek omenaldia jaso zuten pilotalekuan. Bertan 135 jubilatu inguru elkartu ziren.

Goizeko 11:30ean meza nagusia izan zuten San Pedro elizan. Irteeran txistulariak zituzten zain, eta 14:00etan bazkaria hasi zen pilotalekuan.

Bazkalostean, bazkarira joandako emakume eta gizonezko nagusienak omendu zituzten: Brigada Carrasco, urrian 100 urte beteko dituena, eta Jose Mª Romaratezabala, aste honetan 91 urte beteko dituena. Bertaratutakoen txalo zaparradaren artean lore sorta eder bat eman zion Edorta Zubizarreta alkateak Brigidari, emozioz beterik zegoena; eta, Dorleta Sologaistoa zinegotziak, berriz, txapela jarri Jose Mariri, pozaren pozez hartu zuena.

Ondoren, herriko dendek, tabernek, banketxeek, enpresek eta Udalak emandako opariak banatu zituzten erretiratuen elkarteko kideek.

Azkenik, Elizondoko Jose Angel soinujoleak, aurtengo berritasuna, jende asko jarri zuen dantzan eta bazkalondo ederra pasatu zuten, amaiera ezin hobea emanez giro aparteko egunari.