Aho batez onartuta hondakinak selektiboki biltzeko sistema aukeratzeko herri galdeketa egitea

2015 / 09 / 23

Udalbatzak 2015eko uztailaren 28an egindako bilkuran eskatu zion Alkateari bilketa sistema herri galdeketa bidez aukeratzeko dagozkion tramiteak hastea. Alkateak Udal Idazkariari txostena eskatu eta bertan esandakoaren arabera ikusi da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak aurreikusitakoarekin bat etorri behar duela kontsultak eta galdeketa egiteko Udalbatzarraren gehiengo osoak onartu behar duela erabakia eta Estatuaren Gobernuak baimena eman behar duela.

Hori horrela, Hirigintza eta Mugikortasun batzorde informatzaileak diktamena egin zuen eta atzo, irailaren 22a, izandako bilkuran diktamen hori aurkeztu zen Udalbatzarraren erabakia jasotzeko.

Udalbatzarrak, aho batez – hau da bertaratutako guztien aldeko botoarekin – honako erabakia hartu zuen:

LEHENENGOA: Hondakin bilketa selektiboari buruzko herri galdeketa deitzeko proposamena onartzea eta egin beharreko galdera honako hau izatea:

              HONDAKINAK SELEKTIBOKI* BILTZEKO HIRU SISTEMA HAUETATIK, ZEIN NAHI DUZU  ESKORIATZAN ERABILTZEA? (jarri X bat zure aukeran)

               A.- Edukiontzi kolektiboak (5. edukiontzi sistema)
              B.- Edukiontzi indibidualak (atez ateko sistema)
              C.- Edukiontzi kolektiboak eta indibidualak (sistema mistoa)

* Bilketa selektiboa da hiri hondakin solidoak sortzen diren unetik bertatik bereiztea, hau da, hasiera-hasieratik edukiontzi ezberdinetan sailkatzea, gero birziklatu ahal izateko.

BIGARRENA: Estatuko Gobernuari dagokion baimena eskatzea eta horretarako Alkateak dagozkion gestioak egitea eta dagokion dokumentazioa bidaltzea.