BIXI, egitasmo berria nerabeek aisialdiaz modu osasungarrian gozatzeko

2021 / 09 / 15

Datorren irailaren 18an Ibarrako skate parkean ikastaroa, lehiaketa eta erakusketa egingo dituzte

Sanmigelekin bat egiten duten egunak aprobetxatuz, hilaren 25ean, Eskoriatza eta Aretxabaletako 12 eta 17 urte bitartekoentzat paintball-ean ibiltzeko aukera egongo da Aretxabaletan Ibarra kiroldegi pareko zelaian.

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek Bixi programa bultzatu dute, aisialdiaz modu dibertigarri eta osasungarrian gozatzeko hainbat jardueren eskutik.

Nerabeen artean droga kontsumoa prebenitzeko duela urte batzuk garatu zen egitasmoan du abiapuntua ekimenak. 2019 urtean zehar nerabeak aisialdia nola bizi duten aztertu zen eta kontsumoez haratago modu osasungarriagoan bizitzeko zituzten beharrak identifikatu ziren.

Ikerketan zehar nerabezaroa trantsizio prozesu gisa, aisialdirako dituzten espazioak, gauak betetzen duen papera, jaiek hartzen duten garrantzia, lagun arteko harremanak, gurasoekin dituzten harremanak, eta substantzien kontsumoa aztertu zituzten, besteak beste.

DBHko lehen mailatik laugarren mailara bitarteko Aretxabaletako eta Eskoriatzako ehun neska-mutil baino gehiagorekin egin zen parte hartze prozesua. Beraiekin egindako talde dinamiketan ekintza plan bat diseinatu zen, COVID19a dela-eta geldirik egon dena eta orain martxan jarriko dena. Ekintza horietako asko jaien testuinguruan proposatu ziren, euren iritziz nerabeei bereziki zuzendutako ekintza askorik ez delako egoten.

Horren aurrean Bixi programak aisialdia modu osasungarriagoan gozatzeko ekintzak antolatzea du helburu, kontsumitu nahi ez duenari alternatiba bat eskaintzea bilatzen du, eta nerabeen artean parte hartzea sustatzea.

Skate jaia eta Paintaball-a, hurrengo hitzorduak

Lehen ekimenak Sanmigeletako eta Inauterietako jai giroan egin ziren.

Pandemiak eragindako geldiaren ondoren, Bixi egitasmoari berriro ekingo diote, hemendik aurrera nolabaiteko maiztasuna izango duen ekintza-programa batekin. Horrela, lehen hitzordua datorren larunbatean, irailak 18, izango da Aretxabaletako Ibarrako skate parkean.

Sanmigeletako kultur egitarauaren baitan, irailaren 25erako paintball-ean ibiltzeko arratsalde bat proposatzen da Ibarrako berdegunean 16:30etik aurrera.

Azaroan zehar Eskoriatzan gaztegauak programa jarriko da martxan, DBH3 eta DBH4ko nerabeei zuzenduta non gaztelekua espazioa gauez erabiltzeko aukera eskainiko zaien.

Datozen hilabetetarako aurreikusitako ekintzak

  • Dj ikastaroa Eskoriatzan.
  • Donostiako Laser gunera irteera gaztelekuekin batera.
  • Koadrilen arteko futbol txapelketa.

Ekintza guzti hauetan, Aretxabaleta eta Eskoriatzako nerabeek eman ahalko dute izena.

Amaitzeko,  Bixik badu bere kontua Instagramen aisialdiaz eta denbora libreaz modu osasungarrian gozatzeko aurrera eramango diren ekintzen berri emateko: bixi_aretxabaleta_eskoriatza.