Astronomia behaketa maiatzaren 19an
2018 / 05 / 11Gizakiak beti begiratu die, jakinminez, zeruko izarrei. Mendeetan zehar zerua gauez behatzea probetxugarria izan da, munduko bazter guztietako pertsonak hunkitu ditu eta askorentzako inspirazio bide ere izan da.
Datorren maiatzaren 19rako, larunbata, Eskoriatzan zerua gauez behatzeko ekitaldia antolatu da, ilargiaren egoera dela eta, egun egokia baita horretarako.
Ekitaldia 20:00etan hasiko da, Zaldibar antzokian; bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko Virginia Garcia astronomoa zeruari, planetei, izarrei eta konstelazioei buruz arituko zaigu, gero, gauean, ikusiko duguna hobeto ulertu ahal izateko.
Ondoren, 21:30ean, Elorretara joango gara, teleskopioak jarriko dira eta, behaketa hasi baino lehen, denbora izango da afaria/ogitartekoa jateko. Antolatzaileek kafea zein esnea bidezko merkataritzako kakaoarekin jarriko dute.
22:00etan hasiko gara zerua behatzen, argiak itzaliko dira eta, Aranzadiko bi astronomoen gidaritzapean, zerua behatu eta ulertu ahal izango dugu.
Milaka, milioika, argizagiz betetako zerupean bizi gara, eta behaketa gau bakoitza ezberdina da, zeruak etengabe aldatzen den ikuskizuna eskaintzen baitigu gauero, miresteko modukoa benetan.
Zerua behatzen dugun bakoitzean edo teleskopiora begia hurreratzen dugunean, oso argi berezia behatzen dugu, unibertsoa zeharkatu eta gure begira heltzen den argia, gure egiten duguna, eta, era berean, inguratzen gaituen espazio mugagabe honetako parte garela sentiarazten gaituena.
Begira izarrei eta ez zure oinei.
Saia zaitez ulertzen zer ikusten duzun,
eta galdetu zeure buruari
zerk egiten duen unibertsoa existitzea.
Jakinmina izan.
Stephen Hawking