Betiko jolasak berreskuratu guran

2023 / 05 / 10

Eskoriatzako eta Aretxabaletako LH1 mailako umeekin bederatzi joko landuko dira maiatzean zehar eskoletan. Ekimena ‘Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas’ liburuxkan oinarrituta dago.

Jolas tradizionalak bizirik mantentzeko helburuarekin Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek sei urteko haurren artean hainbat material banatuko dute. Badihardugu Euskara Elkarteak 2017an kaleratu zuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxkan jasotako edukiaren aukeraketa egin eta gero, bederatzi fitxa prestatu dituzte Arizmendi ikastolako, Kurtzebarri Eskolako eta Luis Ezeiza Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleekin lantzeko.

Aipatutako bederatzi fitxetan honako joko hauek azaltzen dira: tren txartelen jolasa; txapa lasterketa; potxoloka; kastorean edo krinketean; tortolosekin jolasean; txingoan jolasean (harri harrika, eta txingor gainean edo txindurrika); antontxu zara zu; kiskilla-miskilla; eta arbolatik arbolara.

Nahi izanez gero, LH1eko haurren familiek liburuxka udal liburutegian eskuratu ahal izango dute, eta interesdun guztiek PDF formatuan deskargatu ahal izango dute online.

Ahozko ondarearen transmisioa

Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzetan oinarritutako bilduma da Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburua. Adinekoek kantatutako abestiak eta azaldutako jolasak gaur egungo belaunaldien esku jarri dira egitasmo honi esker. Izan ere, ahozko ondarearen transmisioa egitea da lan honen helburua. Guztira, hamar urte bitarteko umeei zuzendutako 50 jolas eta kanta biltzen ditu liburuxkak.

Proiektuan Eskoriatzako, Aretxabaletako, Eibarko eta Elgoibarko udalek parte hartu zuten.