Bukatu da 2015eko Europako Mugikortasun Jasangarriaren astea
2015 / 10 / 07Bukatu da aurtengo mugikortasun astea. VIII. edizio honetan, era askotako ekimenak izan dira. Batzuk besteak baino arrakastatsuagoak izan diren arren, orokorrean aste parte hartzailea eta polita izan da. Mugikortasun astea, irailaren 16tik 22ra izaten da, baina Eskoriatzan 12tik 24ra luzatu dugu, ekimen ugari izan baitira eta denei lekua egin nahi baitzitzaien.
Irailaren 12an ekin zitzaion beraz, goitibehera tailerrarekin. Jende ugari hurbildu zen goitibeherak egiteko eta egunean bertan, probatzeko aukera ere eduki zuten, arratsaldean San Juan kaleko errepide zati bat itxi baitzen.
Irailak 17an egin zen “Senegal-Gambia bizikletan eta Mozambike bihotzean” hitzaldira ere jende ugari hurbildu zen. Mikel Bringas eta Marivi Zurutuzaren hitzaldia entzun eta jolasteko aukera ere izan zuten bertaratutakoek, hizlari eta publikoaren artean oso giro polita sortu zelarik.
Iazko arrakasta ikusita, ostiralerako bigarren eskuko bizikleta azoka antolatu zen, baina bertan behera utzi behar izan zen, ez zelako material nahikorik bildu.
Irailaren 19an, larunbatean, goitibeheren Apotzagako jaitsiera egin zen. Beti bezala oso ekimen jendetsua eta ikusgarria.
Biharamunean urteroko bizikleta martxa egin zen. Aurtengo ibilbidea: Eskoriatza-Urkulu-Eskoriatza. Aretxabaletakoekin batera egindako irteera izan zen, eta guztira 90en bat lagun elkartu ziren. Giro ezin hobea izan zen. Azpimarratzekoa da gure gaztetxoenek daukaten martxa!
Irailaren 21, 22, 23 eta 24an, ikasleak Jose Arana egoitzara gerturatu eta nagusiekin batera paseatzera irten ziren. Batzuk zein besteak oso gustura aritu ziren eta aurrerantzean ekimen honi jarraipena ematea pentsatzen ari dira.
Ikasturte osoan zehar haurrak ikastetxeetara aktiboki joatea sustatzeko mugikortasun aste guztian zehar txandak antolatu dira, bizikletaz edo patinetez joan nahi zutenentzako. Horrela, teknikariak, gurasoak eta HUHEZIkoak gidari lanetan jarri eta ikastetxerainoko bidea egiten zuten haurrekin batera. Asko izan dira animatu diren ikasleak eta saritzeko, aste guztian zehar aktiboki joan zirenei gosari osasuntsua banatu zitzaien ikastetxean bertan.
Eta aste borobil honi amaiera emate aldera, irailak 24an, Udalerri Aktiboen Jardunaldiak izan genituen Zaldibarren. Osasunaren, hezkuntzaren edo hirigintzaren ikuspegitik udalerri aktiboak aztertzen aritu ziren aditu eta herritarrak. Hitzaldien eta tailerren bidez, hainbat ikuspegitatik jorratu zen gaia. Herriko sareak osatu eta elkarlanean aritzeko abiapuntua izan daiteke: herritar alai, autonomo eta osasuntsuak (fisikoki eta mentalki) lortzeko helburu komunarekin.