Debagoieneko Kirol Sariak 2019 Narciso Pavorentzako

2020 / 01 / 22

Debagoienako Kirol Saria (DKS) Narciso Pavo Pajuelori ematea erabaki du Eskoriatzako Udalak.

Eskualdeko udal guztiek sari berezia emango diote beren herriko kirolari bati datorren asteartean, urtarrilaren 28an, Bergaran egingo den Debagoieneko kirol galan, eta Narciso izango da eskoriatzarren aitortza jasoko duena.

Narciso Pavo Pajuelo 15 urterekin hasi zen areto futbolean jokatzen, 19 urterekin 2. mailan jokatzen aritu zen Gasteizko Lehoi taldearekin, eta bere lehen urtean 1. mailara igotzea lortu zuen. Atezaina, entrenatzailea, Eskoriatza K.E.-ko areto-futboleko koordinatzailea, gaur egun 2. B mailako Laskorain K.E.-ko entrenatzaile ere bada. ANEFSeko (areto-futboleko entrenatzaileen elkarte nazionala) lurralde-ordezkaria da eta ANEFSek berak urrezko intsignia eman zion 2013an.

Narcisok duela 25 urte, 1995eko irailean, ekarri zuen areto-futbola Eskoriatzara, Manuel Muñoz presidente zenarekin batera. Urte hauetan talde bakarra izatetik klubaren etorkizuna ziurtatzen duen egitura sendoa izatera pasatu da kluba. Klubeko jokalari batzuk Euskadiko selekziorako hautatu dituzte eta Espainiako txapelketa jokatu dute. Klubaren egitura areto futboleko eskolarekin osatzen da, non jokalariek 8 urterekin hasi eta lehen taldean bukatzen duten. Eskoriatza K.E. Gipuzkoako klub bakarra izan zen horrelako egitura izaten, beste areto futboleko talde bakar batek ere ez zuen horrelakorik. Atala osatzeko, kirol horretako emakumezkoen Debagoienako lehen taldea eta bakarra sortu zen. Urte hauetan, Eskoriatza K.E.-rekin koordinatuta, Euskadiko lurralde finalak ekartzea lortu da; Andorraren aurka jokatu zen lehen lagunarteko partida, non Euskadiko ereserkia entzun zen; klubaren 50. urteurrenean lehen mailako Xota Navarra taldea ekarri zen; areto futboleko entrenatzaileen Kongresu Nazionala egin da; eta munduko entrenatzailerik onenak ekarri dira, hala nola, Jesus Candelas eta Marc Carmona. Guztiak ere ekitaldi handiak, Eskoriatza areto-futbolaren maparen erdian kokatu dutenak.

Sari honen bidez, Narcisok areto-futbol atalaren buru bezala egindako lana aitortu nahi dugu, 100 jokalari baino gehiago aritu baitira kirol horretan Eskoriatzan, eta entrenatzaile eta begirale talde onenetako bat izatea ere lortu baita. Eskoriatzan egindako lanak areto futbola Debagoienan ezartzen lagundu du. Bere lanari esker kirol honekiko maitasuna transmititzea lortu du, eta areto futbolaren munduan Eskoriatza ezaguna izatea Euskadin eta Espainiako gainerako tokietan.