Desfibriladoreak 24 orduz erabilgarri
2024 / 01 / 22Kultur etxean eta kiroldegian aspaldidanik daude desfibriladoreak, baina orain arte eraikinak itxita egoten zirenean ezin izaten ziren erabili, eraikinen barrualdean geratzen zirelako. Joan den astetik aurrera, eraikinen kanpoaldera atera eta 24 orduz daude eskuragarri.
Desfibriladorea deskarga elektrikoak ematen dituen tresna da, bihotz-arazoren bat gertatutakoan, taupaden erritmo normala berrezartzeko tresna ezinbestekoa.
Udal eraikinetan dauden 2 desfibriladore hauek geolokalizatuta daude, hau da aparatua bere tokitik ateratzen den momentuan, larrialdi zerbitzuei abisua bidaltzen die eta emergentzia plana aktibatzen du. Horrez gainera, aparatuak ahots bidez adierazten dio erabiltzaileari zeintzuk diren emergentzia zerbitzuak iritsi bitartean jarraitu behar dituen urratsak.
Formazio saioa
Desfibriladore hauek erabilera oso errazekoak dira, uneoro zer egin behar den adierazten duen ahots-laguntza baitaukate. Hala ere, nahi dutenek erabileraren zehaztasunak jasotzeko doaineko formazio eskainiko da aurrerago. Gainera, formazioa jasotzen dutenek, aukera izango dute larrialdi kasuei erantzuteko komunitatearen parte izateko. Formazio saioak antolatu ahala, webgune honen bitartez jakinaraziko da.