Ekitaldi ugari aste bukaera honetan Eskoriatzan
2021 / 04 / 19Ekitaldi ugari eta era desberdinekoak antolatu dira aste bukaera honetarako gure herrian, eskoriatzarren gustukoak izango direlakoan. Gure artean izango dira Asisko Urmeneta marrazkilari eta komiki gidoilaria, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoa, Idoia abeslari aramaioarra eta Edidabe antzerki taldeko Maria Urcelay eta Yogurinha Borova “Meri Mari eta Lari” ikuskizunarekin.
Apirilak 23, ostirala – Liburuaren eguna
18:30 “Aiton amonen biografiak: Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu” haurrentzako lehiaketaren sari banaketa. Sari banaketa publikoa izango da, nahi dutenentzako irekia.
19:00 Asisko Urmeneta marrazkilari eta komikigilearen hitzaldia: “Sorgin ehiza Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan”. Asisko Urmenetak komiki liburu bat ilustratu du memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan sakontzeko eta euskaldunok geure narratiba nazionala idazteko dugun beharra aldarrikatzeko.
“Sugarren Mende“ liburua Zaldibar antzokian egongo da salgai, beraz, erosi nahi duenak egilearen dedikatoria izateko aukera izango du. Sugarren Mende komiki-liburu honek XVI. eta XVII. mendeetako jazarpenak biltzen ditu. Garai hartako herritarren tragedia kontatzen da, bere testuinguru historiko eta geografikoan, inkisizioaren atzaparren hedadura eta antolaketari buruz, ahanzturaren eta mitoen aurkako antidotoa da, eta arbasoen oroimena eta duintasuna berreskuratzeko tresna. Sorginak zirela ukatuz hil ziren. Ez ziren sorginak.
Aforoa mugatuta denez, gonbidapena erreserbatzea komeni da: 943 71 46 88 edo 650 49 51 66
Apirilak 24, larunbata
10: 00-14: 00 Loratu: landare eta loreen azoka txikia.
Ibarraundi Museoaren kanpoaldean azoka txiki bat egongo da, eta bertan lore asko ikusi eta erosi ahal izango dira leihoak eta balkoiak apaintzeko (geranioak, surfiniak, begoiak…), eta baita baratzeko landareak ere (piperrak, tomateak, letxugak, tipulak…).
11:00etan, Jakoba Errekondo Ibarraundi Museoan izango da “Etxeko loreak” liburua aurkeztu eta bertaratuek lore, landare, zuhaitz eta abarrekin dituzten galderei erantzuteko. Hitzaldian lekua izateko gonbidapena eskatzea komeni da (943 71 46 88 edo 636 78 59 71).
19:00 Zaldibar antzokian Idoia abeslari aramaioarrak “Ilun eta abar” diskoa aurkeztuko du. Iazko udan hogei bat kontzertu eskaini zituen gure lurraldeko antzoki eta aretoetan eta udazkenean bere lehen diskoa grabatu zuen, Ilun eta abar, larunbat honetan Eskoriatzan aurkeztuko duena. Eñaut Elorrieta eta Olatz Salvador bezalako artistekin kolaboratu du eta Fernando Velazquezek Euskadiko Orkestrarekin moldatutako abesti bat grabatu du.
Kontzerturako sarrerak aldez aurretik kiroldegian eros daitezke 5 euroko prezioan.
Apirilak 25, igandea
17:00 Zaldibar antzokian “Meri, Mari eta Lari” antzezlan bikainaz gozatzeko aukera izango dugu, Maria Urcelay eta Yogurinha Borova aktoreen eskutik.
Meri, Mari eta Lari ipuin eta kantuz osatutako antzezlana da. Ipuinak sexu eta genero aniztasunaz ari dira, familia eredu ezberdinez, beldurrak baztertzeaz eta, azken finean, askatasunaz. Ikuskizunak biltzen dituen abestiak Yogurinha Borovarenak dira, Sentipenak askatu diskoarekin ikusle gazteagoengana iritsi nahian argitaratutako kantak. Ikuskizun hau umeei zuzenduta dago, baina adin guztietako lagunentzat da aproposa. Oraindik ere, denok dugulako sentipenak askatzeko beharra eta gogoa.
Sarrerak aurrez eros daitezke kiroldegian, 3 euroren truke.