Emakumeen parte hartzea Santa Ageda festan

2016ko otsailak 03

Iaz, garai honetan, Eskoriatzako Udalak, Badihardugu euskara taldearekin elkarlanean, bi dokumental egin zituen Santa Ageda eta Inauteri jaiei buruz. Aurten, aurreko horiek osatze aldera, Nesken parte-hartzea Santa Agendan izeneko dokumental txiki bat egin da, eta bertan, genero ikuspegitik Eskoriatzan jai hori ospatzeko moduari buruz izandako aldaketen gaineko testigantzak jasotzen dira.

Historia pixka bat eginez, ikus dezakegu Santa Ageda jaiak ohitura handia duela Eskoriatzan, Euskal Herriko hainbat herritan bezala. Gure herrian, aurten 18 urte beteko dituzten gazteak aterako dira kalera atez ate koplak kantatu eta dirua eta janariak biltzera afari eder bat egiteko.

Tradizioz mutilak izan dira jaiaren protagonistak, eta Eskoriatzan Santa Ageda mutilak edo kintoak deitu ohi zaie. Kintoak izena XVII. mendetik dator, Espainian “kinten” errekrutatze sistema ezarri zenetik, horrela deitua soldaduzka egiteko adina zuten bost mutiletatik bat aukeratzen zelako zozketaz armadara joateko. Euskal Herrian 1876an ezarri zen sistema hori foruak galdu ostean.

Derrigorrezko errekrutatze sistema 2001ean kendu zen; hala ere, gazteek Santa Ageda jaia ospatzen jarraitu dute tradizioz egiten zen bezala, baina, nesken parte-hartze gero eta handiagoarekin.

2008an, lehendabiziko aldiz, kintako neskek plazan dantzatu zuten, eta hortik aurrera jaiaren protagonista izan dira mutilekin batera, horrela erakutsiz tradizioek irauteko eta indartzeko garai berrietara egokitu behar direla eta gaur egun denok partekatzen ditugun errespetu eta berdintasun baloreekin koherente izan behar dela.

DOKUMENTALA: Nesken parte-hartzea Santa Agedatan from Eskoriatzako Udala on Vimeo.