ERAKUNDE ADIERAZPENA: euskararen erabilera instituzionalaren aurkako azken epaiak

2023 / 10 / 30

Euskadiko Toki Erakundeen Legean (ETEL) aitortutako euskaren erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetzen duten EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaien aurrean Eskoriatzako Udalaren Adierazpen Instituzionala

Udalbatzarrak, 2023ko urriaren 26an egindako bilkuran, bertaratutako udalbatzarkide guztien aldeko botuarekin, honako ADIERAZPEN INSTITUZIONALA onartu zuen:

  1. Eskoriatzako Udalak berretsi egiten du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.
  2. Eskoriatzako Udalak uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela.
  3. Eskoriatzako Udalak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko  duten eskubidea bermatzeko.
  4. Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.
  5. Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Eskoriatzako Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

Erakunde Adierazpena

Manifestazioa azaroaren 4an

Euskalgintzak, epai horiek zalatzeko azaroaren 4an, Bilbon, manifestazioa deitu du eta Eskoriatzako Udalak herritarrei manifestazio horretan parte-hartzeko deia egiten die.

Manifestaziora joateko Eskoriatzatik autobusa egongo da, 14:40an geltokitik abiatuko dena. Autobusean joateko Inkernu tabernan eman behar da izena, urriaren 31 baino lehen. Autobusaren prezioa: langileak 10 euro eta langabetu eta ikasleek 5 euro.