ERREKAK BIZI dokumentala, bihar, Zaldibar antzokian

2022 / 10 / 19

Joan zen asteko larunbatean burutu zen erreka eguna borobiltzeko, bihar, urriak 20, “Errekak bizi” ikus-entzunezkoa estreinatuko da Eskoriatzan.

Erreka eguna

Bailarako herri gehienetan egun berean egin zen garbiketa eta hemen, Eskoriatzan, 20 lagun ibili ziren zeregin horretan. Eguraldia lagun, giro ederrean aritu ziren lanean, eta mokadutxo bat janez eman zioten bukaera egunari.

Goizeko 10:00etan Santa Marina plazan elkartu ziren partehartzaileak, gaztetxo zein helduak. Bertako eskaileratatik errekara jaitsi eta taldea bitan banatu zen, batzuk errekan behera jo zuten eta, besteak, gora. Nahiz eta uztailean garbiketa sakona egin enpresa batekin Eskoriatzatik pasatzen den zatian, hondakin ugari atera zituzten.

Denetik agertu zen, txatarra dezente, plastikoak, manta zaharren bat edo beste, poltsak…

Ordu pare batez lanean aritu eta gero, mokadutxo bat jan eta eguneko kontuak elkarri kontatzeko aukera izan zuten.

Estreinaldia

‘Errekak bizi’ ikus-entzunezkoa estreinatuko da bihar,  urriaren 20an, eguena, Eskoriatzako Zaldibar antzokian, eta, ondoren, herririk herriko ibilbidea egingo du.

Deba ibaiaren eta haren adarren gaineko historia, gatzarekin izan duen lotura, nabigazioa, hirigintza eta uholde arriskua, industriaren eragina, aisialdia, fauna eta flora…

Askotariko gaiak landu ditu Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimenak eta Goienak elkarlanean osatu duten ikus-entzunezkoak.  Zatoz eta ezagutu, adituen eta arituen eskutik, eskualdeari izena ematen dion ibaiaren historia.