Errezeta elektronikoa atzo jarri zen martxan Eskoriatzan.
2013 / 10 / 11Sistema berriak egungo paperezko errezetak ordezkatuko ditu eta norberaren osasun txartelaz, zuzenean, medikuak agindutako botikak erostea ahalbideratuko du.
E-rezeta indarrean jarri denetik anbulatorioko medikuek ez dute errezeta gehiagorik egingo paperean,salbuespenak salbuespen, eta horien ordez, tratamendu-orriak emango dituzte eta bertan medikamenduaren izena, dosia eta tratamenduaren epeak agertuko dira. Medikuak agindutakoari buruzko informazioa bide telematikotik kargatuko da eta zuzenean iritsiko da farmaziara. Horrela, pazientea kontsultara joan ondoren, zuzenean farmaziara abiatuko da bere osasun-txartelarekin, eta han emango diote agindutako botika. Horretarako ordea, txipa duen osasun txartela beharko da. Halakorik jaso ez duenak anbulatorioan eskatu beharko du.
Errezeta elektronikoaren sistema berria orain artekoa baino erosoagoa da, botika hartu behar dugun aldioro anbulatoriora paperezko errezeta bila joan beharrik izan gabe, farmazian bertan eskuratuko digutelako. Seguruagoa eta fidagarriagoa ere izango da, botikariak hartzen ditugun sendagai guztien informazio zehatza izango baitu eta zerbaitek kalte egin diezagukeela ikusiz gero jakinaraziko digulako.
Errezeta elektronikoa Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu asmo du Osakidetzak, eta gaur egun hainbat udalerritan hedatzen ari da, horien artean, Eskoriatzan.