GABA BALTZA: badatoz, badatoz gure beldurrak erretzera!
2025 / 10 / 21Gaurtik hasiko dira GABA BALTZA girotzeko ekintzak Eskoriatzan.
Urriaren 31ean ospatuko da GABA BALTZA, beldurrak uxatu eta iluntasunaz gozatzeko gaua. Jai giroan ospatuko dugu, iluntasunak sortzen duen zirrarak beldur-jolasetan jarduteko ilusioa pizten baitu.
Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu zaharrak eta berriak nahastuz, guretik ari gara Gaba Baltza birsortzen. Orain bi urte Beldur Harrapakarixak plazan agertzen hasi ziren haurren eta helduen beldurrak batu eta erretzeko.
Aurten, Beldur Harrapakarixen inguruko ipuina sortu dute Dorleta Kortazar ipuin kontalariak eta Olaia Benito ilustratzaileak haurrei pertsonaia berri hauek ezagutzen laguntzeko. BELDI izena du ipuinak, eta izen bereko protagonistak Beldur Harrapakari gisa bizitakoak kontatzen ditu.
Ipuina ikastetxeetan landuok badute ere, gaur sortzailearengandik entzuteko aukera izango da bibliotekan. 4 urtetik gorako haurrak gonbidatuak daude BELDIren unibertsoa idazlearen beraren ahotik ezagutzera.
Gaba Baltza ikastetxeekin eta herriko eragileekin batera antolatzen den eguna da. Hankamotx bertso-eskola, Gorosarri dantza taldea, Tortolis ludoteka, gaztelekua, Auzoko eta hainbat herritarrek hartzen dute parte (gurasoak, erretiratuak… )
Gaua, beldurra, gaztain erreak, gozokiak, mozorroak… badator Gaba Baltza herrira!
Egitaraua
Urriak 21, asteartea • IPUIN KONTAKETA bibliotekan Dorleta Kortazarren eskutik. +4 urtekoentzako.
Urriak 27 astelehena • ARROPA PRESTAKETA TAILERRA. Gaba Baltzerako mozorroak prestatuko dituzte etxeko arropa zaharrekin.
Urriak 31, ostirala: GABA BALTZA
Goizean zehar herriko ikastetxeek plaza apainduko dute azken asteetan egin dituzten apaingarriekin. Eta arratsalde osoan, gaztain erreak egongo dira plazan.
18:00 GINKANA BELDURGARRIA 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ekintza. Herrian zehar egindako ibilbidea, istorio bati jarraiki eta hainbat froga gaindituta bete beharko dutena. Gainditzen den froga bakoitzeko goxokiak eskuratuko dituzte.
Eskerako esaldi hau erabiliko da:
Xanguli manduli kikirriki, eman goxokiak guri!
18:00 BELDUR ETXEA gaztelekuan scape room egiteko aukera izango dute herriko nerabeek. Plazako ikuskizunaren ostean, nerabeek gaztelekuan afaldu eta filma bat ikusteko aukera izango dute.
19:00 EKITALDIA PLAZAN Arratsaldean zehar, norbere beldurrak idazteko edo marrazteko mahaia egongo da. Eta bertso-eskolakoen deia jasotakoan, Beldur Harrapakarixek denon beldurrak batu, eta sutan erreko dituzte. Beldur Harrapakarixak dantzarien laguntza izango dute, beldur-erretze erritua gauzatzeko.
Festa amaitzeko, zezensuzkoa plaza pareko errepidean ibiliko da.
Zezen-suzkoak su hotza erabiltzen du, baina erre dezake; horregatik, kontuz ibili behar da eta batez ere kontuz ibili behar dute haur txikiak dituzten familiek. Arropari dagokionez, komeni da kotoizko arropak, fraka luzeak, zapatilak eta burua eta eskuak estalita eramatea.