GAITU: auzolan digitala gaur
2023 / 12 / 01Euskararen eguneko ekintzak gaur hasiko dira Eskoriatzan eta lehenengo hitzordua gaur bertan izango da, GAITU izeneko webgunearen informazioa herritarren artean zabaldu eta eskoriatzarren euskarazko ahotsak jasoko dira.
Zer da GAITU?
GAITU adimen artifizialak euskaraz hitz egitea sustatzeko proiektua da.
Helburua da:
- Euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzea. GAITU proiektuak Mozilla fundazioak abian jarritako Common Voice ekimena hornituko du.
- Eremu digitalean euskararen presentzia bermatzea. Teknologiari euskara irakasteko milaka ahots bilduz, haren erabilgarritasun teknologikoa sendotu eta erabilera eremuak zabaldu ditzakegu.
Zure ahotsa garrantzitsua da
Ahots asko eta askotarikoak behar ditugu: mota, genero eta adin guztietakoak. Eta zurea ere bai. Sortzen ari garen ahotsen datu-basea, euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortuz lan egiten duten enpresek erabili ahal izango dute, euskaldun guztien onurarako.
Hori horrela, gaur arratsaldean 18:00etatik aurrera herriko plazan dagoen karpan, GAITUn ahotsak gehitzeko aukera egongo da. Mobil bidez egingo dira grabazioak, oso modu errazean eta bizkor. Azalpenak eman eta grabazioa egiten lagunduko duten herritar talde bat egongo da bertan.
Erraz erraza da eta eskoriatzarrok ere geure ekarpena egingo dugu.