Gaur, Jaione Fdez de Jauregik bere lehen eleberria aurkeztuko du
2024 / 10 / 10Gaur osteguna, urriak 10, 19:00etan, Zaldibar antzokian, Jaione Fdez de Jauregi eskoriatzarrak bere lehen eleberria aurkeztuko digu: DARIO.
Bere lehen eleberria da, baina ez bere lehen liburua; izan ere, bi poesia-liburu, literatura erotikoko bat eta egilekide den saiakera bat argitaratu ditu.
Dariok 80ko hamarkadako Madril zirraragarrian murgiltzen gaitu: trantsizioari eta aurrerapenari emandako Espainia, baina oraindik kontserbadorismoak jota dagoena. Tentsio eta kontraesan giro horretan, Mariak, maistra gazteak, erabaki beharko du zenbateraino dagoen prest bere printzipioen eta baztertuen alde borrokatzeko.
Isiltasuna lehenetsi eta botere sozialaren konplize izan? Edo erosotasunari uko egin eta itxurakeriekin hautsi? Protagonisten begirada ulerkor eta kritikoak istorio oso-oso gizatiarrean murgilduko gaitu, oraindik ere suma daitekeena justiziaren eta berdintasunaren aldeko gaur egungo borroketan.