Gazteen ongizate emozionalaren diagnostikoaren bigarren fasea martxan da
2024 / 10 / 09
Eskoriatza  eta  Aretxabaletako  herritarrak  eta  eragileak  izango  dira  fase  berri  honetako  protagonistak.  Denon  artean,  proiektu  bateratua  sortzea  da  helburua,  herritarrek  herriarentzat  egindako  plana  baita.
Adikzioen fenomenoa aldakorra da, eta beraz, bere garaian martxan jarritako ekintzak aztertu, ebaluatu eta eguneratzeko beharra ikusi dute Eskoriatza eta Aretxabaletako Udalek, hainbat eragileekin batera, izan ere herritarren bizi kalitatean eragin esanguratsu eta zuzena duen arazo bat da.
Ekainean aurkeztu, eta abian jarri zen prozesua udako etenaldiaren ostean, berriro ere, martxan da.
Egitasmoak ongizate emozioanalaren inguruko argazki bat ateratzea du helburu, hainbat aldagai aztertuz: adikzioak, nerabeen aisialdia, harremanak edota elikadura ohiturak, besteak beste.
Ekainean,  prozesuaren  abiapuntu  gisa,  DBHko  ikasleekin  topaketa  bat  egin  zen  eta  bertan  beraien  bizi-ohituren,  kontsumoen  eta  bestelako  jarreren  inguruan  hitz  egiteko  aukera  izan  zuten.
Orain,  urrian  zehar,  Lehen  Hezkuntzako  5  eta  6.maila,  DBH,  Batxilergoa,  Oinarrizko  Lanbide  Heziketa  eta  Erdi  mailako  1.go  mailako  Lanbide  Heziketako  ikasleek  inkesta  bat  beteko  dute,  informazioa  osatzeko.
Herritarren eta eragileen foroak
Gazteak, herriko komunitatearen parte diren heinean, herritarrek ere diagnosi honetan zeresan handia dutela uste dugu. Izan ere, eta gazteengan eragin nahi badugu, komunitatearen argazkia izatea ezinbesteko da. Horregatik, herritarrak eta herriko eragileak parte hartzea garrantzitsua dela deritzogu.
Zentzu honetan, prozesuari jarraipena emateko gizarte eragileen eta herritarren partaidetza foroak antolatu dira, udalerrietako gizarte ordezkaritza zabala gonbidatuz. Foro hauek, nerabeen ongizatearen eta babes faktoreen inguruko informazioa partekatzeko balioko dute.
Zehazki, hiru parte hartze foro eta galdetegi bat prestatu dira horretarako.
Parte hartze foroen inguruko informazioa
1.-  Hezkuntza  formala,  ikastetxeak,  gurasoak,  guraso  elkarteak  eta  osasungintzako  profesionalak.
Urriaren  9an  egingo  da  lehenbiziko  foroa,  Aretxabaletako  Arkupe  Kultur  Etxean  arratsaldeko  18:00etan.
2.-  Hezkuntza  ez  formala,  udal  teknikari  eta  zinegotzien  foroa
Urriaren  16an,  Eskoriatzako  Kultur  Etxean  izango  da  arratsaldeko  18:00etan.
3.-  Herrietako  elkarte  eta  dendari-ostalariek  osatzen  duten  foroa.
       Urriaren  23an  egingo  da  Arkupe  Kultur  Etxean  arratsaldeko  18:00etan
Herritarren  batek  foroan  parte  hartu  nahi  badu,  idatzi  dezala  email  bat  ondorengo  helbideetako  batera:
partehartze@aretxabaleta.eus  edo  prebentzioa@eskoriatza.eus
Herritarrei zuzendutako galdetegia
Herritar  eta  eragileen  foroaren  hasierarekin  batera,  urriaren  9an  herritarrei  zuzendutako  galdetegia  zabalduko  da;  ikastetxe,  udal  webgune,  elkarte  eta  whatsapp  bitartez.
Galdetegia  HEMEN erantzun  daiteke,  eta  honetaz  gain,  www.aretxabaleta.eus  eta  webgune  honen  atarian  zintzilikatuko  da  eta  urriaren  amaiera  arte  erantzuteko  zabalik  egongo  da.
Herritarren foroak eta galdetegiak nahiz ikasleen foro eta galdetegien emaitzak 2024ko abendu eta 2025eko urtarrilean aurkeztea aurreikusten da.
Diagnostikoaren ondoren zer?
2025ean zabalduko da prozesuaren azken fasea. Fase honetan, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira, datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku-hartze lerroak ezarriz.
