Herritarren partaidetzan oinarritutako ESKORIATZAK MEREZI DU ekimena abiaraziko du udalak
2018 / 11 / 14Ekimenaren helburua da herritarrak aktibatzea, guztion artean Eskoriatza hobe bat egiteko, herritarrei beren egunerokotasuneko jarrerarekin herrian eragiteko duten gaitasuna ikusaraziz.
Ekimenaren inguruko informazioa duen esku-orriarekin batera inkesta bat helaraziko da eskoriatzarren etxeetara, herritarrek hainbat gairen inguruan duten iritzia ezagutzeko
Legealdi hasieran, Eskoriatzako Udalak, herritarren partaidetzan oinarritutako Hiri Berritze Plana abiarazi zuen. Ekimen honen baitan, irisgarritasunaren, hiri altzarien egoeraren eta udal zerbitzuen sarearen inguruko herritarren ekarpenak jaso ditu azken urteotan. Ekimen arrakastatsua izan da Udalaren iritziz, 450 eskaera baino gehiago jaso dira eta horietatik 360 inguru eginda edo egiteko bidean daude eta beste 60 bat baztertu egin dira arrazoi desberdinak medio.
Hiri Berritze Planak, beraz, emaitza oso onak izan ditu eta ekimen berriak ez du dinamika hori alde batera uztea helburu. Eskoriatzak merezi du ekimenak pausu bat haratago joan nahi du, izan ere, badira herrian guztion artean konpondu beharreko kontuak ere, guztion artean eztabaidatu eta erabaki beharrekoak, esaterako, kale garbiketa, gazteen lokalak, ibilgailuen abiadura…
Eskoriatzako Udalak, herritarrak aktibatu nahi ditu, egunerokotasunean egiten ditugun gauza txikiek herrian eragiteko duten ahalmena ikusaraziz, baina, baita ere, guztion artean eztabaidatu beharreko gai batzuen inguruko foroak sortuz. Foro horietan aniztasuna bilatu nahi du Udalak, ikuspuntu desberdinak aztertu eta sentsibilitate desberdinetako pertsonen arteko kontsentsuak lortzeko.
Foro horietan parte hartzeko gonbidapena inkesta baten bidez helaraziko die Udalak herritarrei. Baina inkesta hori Udalak bere buruari jartzen dion azterketa bat ere bada, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan edota aurrera eramandako proiektuen inguruan herritarrek duten iritzia eta proposamenak ere jaso nahi baititu inkestaren bidez.
Inkestak Udaletxean, kultur etxean, liburutegian eta kiroldegian jarriko diren postontzietan utzi ahal izango dira, azaroaren 23tik abenduaren 14ra bitarte, edo, nahiago duenak, posta elektroniko bidez bidali ditzake bere erantzunak eskoriatzakmerezidu@eskoriatza.eus helbidera. Inkesta webgune honetan ere eskuratu daiteke (inkesta jaitsi).
Amaitzeko, Udalak eskoriatzarrak animatu ditu ekimen berri honetan parte hartzera, bere iritzia ematera eta guztion artean Eskoriatza hobe bat, egunetik egunera harroago sentiaraziko gaituen Eskoriatza bat eraikitzera.