Hildakoak gogoratzeko gereziondoa landatuko da

2022 / 02 / 01

“Zorionak Marimotots” izena duen Porrotx eta Marimototsen azken antzezlanak, dolua eta heriotza lantzea du helburu, bai haurrekin zein euren familiekin. Bizitzaren parte dira jaiotza eta heriotza. Jaiotzaren inguruko ezagutza zabaldu den modu berean zabaldu behar da heriotzaren inguruko ezagutza ere, bizia osotasunean bizi ahal izateko.

Denak jaiotzen eta hiltzen gara, naturatik gatoz jaiotzean eta naturara itzultzen gara hiltzean. Bizitzarekin batera doa heriotza eta natural den hori sentitzera, pentsatzera eta barneratzera gonbidatzen gaituzte. Ideia hori lantzeko zuhaitz bat landatzea proposatzen dute ikuskizunean, zuhaitza gertuko hildakoak gogoratzeko, denon artean zaintzeko, eta zuhaitzaren inguruan galdutakoek ze hutsune uzten diguten sentitzeko eta transmititu dizkiguten baloreen testigu izateko.

Tortolis ludoteka

Joan den ostiralean Eskoriatzako kiroldegian ikusi ahal izan zen ikuskizunean Tortolis ludotekako ordezkariei gereziondoa eman zieten pailazoek, eta ludoteka izango da, herriko haur eta familiekin batera, gereziondoa leku publiko batean landatuko duena.

Landaketa igande honetan izango da, otsailaren 6a, eguerdiko 12:00etan, frontoiaren kanpoaldean. Ekitaldi txiki bat prestatu da horretarako, landatzearekin batera joandakoei omenalditxoa egiteko.

Horretaz gain astean zehar ludotekak ekitaldia prestatzeko hainbat ekimen egingo ditu, parte hartu nahi duten haur guztiei zuzenduta. Hona hemen egunak eta txanda ordutegiak:

  • Otsailak 1  eta 2: zuhaitza apaintzeko harriak margotzea. 16:45 – 18:00 lehenengo txanda, eta 18:00 – 19:15 bigarrena.
  • Otsailak 3: ikuskizuneko dantza eta abestia ikastea. 16:45 – 18:00 lehenengo txanda, eta 18:00 – 19:15 bigarrena.