Hondakinen proba pilotuaren boikota salatzen du Udalak
2014 / 01 / 15Eskoriatzako Udalak hondakinen bilketa selektiboa egiteko martxan daukan proba pilotuaren aurka hainbat herritarrek esandako gezurrak argitu nahi ditu eta egiten diharduten boikota salatu du.
Badira 2 hilabete Eskoriatzako iparraldean (Intxaurtxueta, San Pedro eta Gaztañadui) hondakinak biltzeko sistema berriaren proba pilotua martxan jarri dela. Gaur egungo egoerak hondakinak jaso eta kudeatzeko sistema berri bat eskatzen du. Gero eta gehiago gara, eta gero eta hondakin gehiago sortzen dugu. Arazoa benetan larria da, zabortegiak goraino daude, eta gainera, Europako legediak epe labur batean gaur egun ditugun zabortegiak ixtera behartuko gaitu.
Hondakinen arazoari aurre egiteko bi modu daude: lehena, sortzen ditugun hondakinak erretzea; eta bigarrena, eta gure ustez egokiena, hondakinak murriztu, berrerabili eta gaika biltzea, ahal bezain beste birziklatu ahal izateko.
Hori dela eta, orain dela hilabete batzuk, herrian dugun sistema aldatzea erabaki zuen Udalak. Udal honek atez atekoa proposatu arren, herritar talde batek organikoarentzako 5. edukiontzia eskatzen zuen, eta ondorioz, bi proposamenen erdi-bideko aukera bat probatzea pentsatu genuen, hain zuzen ere, 2 hilabete hauetan Eskoriatzako iparraldean proban duguna. Guztira 3 hilabeteko proba izango da, eta bertatik ateratako ondorioekin hondakinak biltzeko sistema berria ezarriko da herri osoan.
Nabarmena da herritar batzuek ez dutela guk proposatutako sistema probatu ere egin nahi, baina, egindako ekintzek eta esandako gauza askok muga gainditu dutela uste dugu, eta, horregatik, Udaletik gauza batzuk argitu, salatu eta erantzun nahi ditugu:
Gezurrak argitu
Lehendabizi, esandako gauza batzuk gezurtatu nahi ditugu:
- Emandako datuak erabat benetakoak dira eta Debagoieneko Mankomunitateko hondakin bilketa zerbitzuko teknikariek landu eta interpretatzen dituzte. interpretazioak ontzat jo daitezke, langile horiek inolako joera politikorik gabe eta zerbitzuan behar besteko esperientziarekin egiten dutelako bere lana. Guk ez dugu inor engainatu nahi eta ezta inolako informaziorik ezkutatu nahi ere; datuak direnak dira eta esaten dutena esaten dute onak, txarrak edo hala moduzkoak izan. Eta datuok azaldu behar diren lekuan azaltzen dira: Udaleko batzordeetan, hondakinen mahaian edo informazio bileretan, datuok entzuteko borondaterik balego behintzat, Ibarraundin izandako azken bileran gertatu ez zena, bertan behera utzi behar izan baitzen bertara joandako batzuen protestengatik.
- Proba pilotuan 3 aparkaleku galdu dira eta 4 berreskuratu.
- Banaketa egiteko beharrezkoak diren kuboak jaso dituzten familiak 500etik gora dira, eta horietatik 11 etxebizitzak bakarrik itzuli dituzte protesta bezala.
Gaizki eginak salatu
Garbi utzi nahi dugu, Udala ados dagoela herritarrek beraien iritzia ezagutaraztearekin, eskubide osoa dute gustuko ez duten zerbaiten aurrean protesta egiteko, baina, bakoitzaren eskubideen muga gainditu egiten da beste batzuen eskubideak urratzen direnean. Udaletik ez ditugu onartuko pasa den asteetan herrian gertatutakoak:
- Herriko biribilgunea zaborrez betetzea.
- Zintzilikarioak apurtzea 4×4 batekin.
- Organikoarentzako jarritako edukiontzi marroi komunitarioak errekara botatzea.
- Zintzilikarioen ondoan zabor poltsak pilatzea.
- Bakoitzaren tokia zein den identifikatzen duen kodea sprayarekin tapatzea.
Proba pilotuaren garaian Eskoriatzako kaleetan ateratako argazkiak
Arau-hausteen aurrean, ordenantza aplikatzea
Udaletik ez dugu horrelako jokabiderik onartuko, eta horretarako Debagoieneko Mankomunitateko ordenantza aplikatzen hasiko gara. Hona hemen ordenantzetan jasotako arau-hausteetako batzuk, eta horiekin lotutako zenbait komentario:
- Hondakinak horretarako egokitutako lekutik kanpo lagatzea arau-haustea da. Era berean, arau-hauste da ere modu desegokian nahita lagatzea edo beste zergadun baten lekuan lagatzea edo ezarritako egutegia edo ordutegia ez betetzea.. Zentzu horretan, Udalak ezin ditu alde batera utzi ordenantzaren arau-hauste horiek, eta identifikatuko arau-hausleei jakinarazten ari zaie jokabide horiekin jarraitzen baldin badute zigorra jasoko dutela, normala den moduan. Udalak ofizioz jokatuko du edo norbaitek aurrez salaketa jarrita frogekin, bat baino gehiago gerturatu baita jardunbide horiekin haserre.
- Larriagoa da oraindik hiri hondakin solidoak jasotzeko baliabide edo tresnetan kalteak nahita sortzea, zerbitzua suntsitzeko edo baliogabetzeko asmoarekin. Arau-hauste hori oso larritzat jotzen da. Salatu gura dugu azpiegitura horiek jasaten duten bandalismoa, esate baterako, eta urruti joan gabe, urtarrileko lehenengo astean 4×4 ibilgailu bat gune horietan jarritako posteak bihurtzen eta kendu nahian ibili baita eta edukiontzi marroiak errekara edo maldan behera botatzen. Azpiegitura horiek eskoriatzar guztion artean ordaintzen ditugu, erabili nahi ez dituztenen eta erabili nahi dituztenen artean. Ez dago esan beharrik ekintza horiek dagokion lekuan salatuko ditugula.
Bukatzeko, bi gauza.
- Batetik, eskerrak ematea proba pilotuan gauzak behar bezala egiten ari diren herritarrei; jakinekoa da kontrako ekintzek ez dutela laguntzen (zuei dagokizuen zintzilikarioa poltsaz betetzen dutenean, edo zuei dagokizuen kodea sprayz tapatzen dizuetenean, edo zuen edukiontzi komunitarioa botatzen dutenean… ), baina, zorionak jasotzeko moduan zaudete, lehen hilabetean bilketa selektiboa %35ekoa izatetik %80tik gorakoa izatera pasatzea lortu baituzue.
- Eta, bestetik, penagarria da desinformazio interesatuak herritar askorengan sortu duen haserrea eta kontrako joera.
Hori bai, aldaketak beti eskatzen du ahalegin txiki bat, baina, benetan uste dugu egin beharreko ahalegin txikiak epe oso laburrean erakutsiko digula merezi izan duela; merezi duela hoberako den aldaketa horrek, merezi duela gure seme-alabei etorkizun garbiagoa bat eskainiko dien pausu hau ematea.
Konbentzituta gaude gutako bakoitzak pixka bat jarrita emaitza handiak lortu daitezkeela, eta horrela, egungo zabortegiak ixten lagunduko dugula Europar Batasunak onartutako zuzentarauak bete ahal izateko. Bide onetik goaz, Europako erakundeak gonbidatzen ari dira Gipuzkoako erakundeak eta udalak beraien esperientziak zehaztasun handiagoz ezagutzeko, esaterako Hernaniko eta Usurbileko udala; eta beste batzuk saritzen ari dira, Adunako Udalaren kasuan bezala.
Eskerrik asko aldaketa honetan partaide zareten guztioi Udalaren eta ingurumenaren aldetik.
Hemen Goienak gai honi buruz egindako BIDEO-ALBISTEA