Igandean Atxorrotxeko eguna izango da
2022 / 04 / 26Azkenengo bi urteetan pandemiagatik ospatu barik egon ondoren, igande honetan, maiatzak 1, Atxorrotxeko eguna izango dugu.
Jaia goizeko 9:00etan hasiko da, txistulariek diana joko dute herrian zehar, eskoriatzarrak doinu alaiekin esnatzeko.
Goizeko 11:00etan meza izango da Atxorrotxeko Santi Kurutz ermitan. Kanpai hotsik ere ez da faltako goiz osoan; ohiturak dioen moduan, bertako kanpaiak joz gero, ekaitzak uxatzen baitira.
Goiz osoan zehar taberna egongo da Atxorrotxen, eta nahi duenak aukera izango du mokadutxo bat jateko eta zerbait hartzeko. Tabernan batutako dirua Eskoriatzako Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundeak dituen proiektuetarako izango da.
Arratsaldean herriko plazan jarraituko du jai giroak, eta 18:00etatik aurrera Gauargi taldearen musikarekin dantzarako tartea egongo da.
Oharra: Aurten plazan EZ dira tortilarik salduko.
Atxorrotxeko Gaztelua_Denboraren taiatik
Gipuzkoako azken bailararen goiburuan, mendi tontor baten gainean, Atxorrotxeko gazteluaren aztarnak gordetzen dira, orain ermita batek estalita, antzinako talaia baten lekuan. Arrano kabi bat balitz bezala, lekuaren garaierak nagusitasuna ematen dio inguruan. Bertatik kontrolatzen du, bertatik zaintzen du bidea.
Gutxik dakite Gipuzkoa 1200eko gaztelarren konkistaren ondorioz sortu zela, eta bere jatorrian hiru eremu naturalek, Nafarroako erreinuko hiru tenentziak osatzen zutela: Ipuzkoa, Donostialdea eta Aizorrotz.