´Ikusle kluba´ urriko antzerkiaren inguruan

2022 / 10 / 03

IKUSLE KLUBA proiektu berri hau DAP (Debagoieneko Antzerki Plataforma) eskutik heldu da Eskoriatzara.

Euskarazko antzerki ikusleendako proposamena da, herri askotan dauden irakurketa kluben antzerako ezaugarriak dituena. Antzezlana ikusi aurretik elkartuko dira, lanari buruz bakoitzak dituen aurreiritziak eta bestelakoak partekatzeko, eta antzezlana ikusi ondoren berriz batuko dira, ikusitako lanari zukua ateratzeko.

Urrian, Eskoriatzan lehenengo saioa

Urrian egingo da proposamen berri honen lehenengo saiakera Eskoriatzan, hain zuzen ere urriaren 23an“Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi” antzezlanaren inguruan. Antzezlan hau “Kamikaz kolektiboa” taldekoa da, eta oso arrakastatsua izaten da antzeztu den leku guztietan.

Emakume 1, emakume 2, emakume 3, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelitoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean.

Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?

Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?

Ikusle Klubean parte hartzeko ez da profil zehatzekoa izan behar, hau da, ez da antzerkian aditua izan behar, antzerkia gustukoa izatea nahikoa da. Ikusle Klubean parte hartzea doan da, eta izena emateko edo informazioa eskatzeko, idatzi kultura@eskoriatza.eus edo whatsappez 650 49 51 66.

Ikusle klubeko partaideak urriaren 23an, arratsaldeko 18:00etan elkartuko dira Kultur etxean. Antzerkia 19:0etan da, eta antzerkiaren ostean berriz elkartuko dira ikusitakoa komentatzeko.