Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzu berria
2023 / 04 / 26Apirilaren 24tik aurrera kirol arloko zerbitzu berri bat jarri da martxan Eskoritzan, Mugituz Bizi! Jarduera fisikoa orientatzeko zerbitzua da, eta helburu nagusiena eskoriatzarren artean jarduera fisikoa sustatzea izango da, Eskoriatza aktiboaren aldeko apustua eginez eta jarduera fisikoa modu erregularrean egiteak norbanakoaren zein komunitatearen osasunerako hainbat onura dakarrela oinarritik abiatuta. Jarduera fisikoak zoriontsuago izaten laguntzen digu!
Programa berri honen ardatzetako bat orientazio-zerbitzua da.
Orientazio zerbitzua
Eskoriatzako biztanle ororentzat DOAKOA den zerbitzua, bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokituz bizi ohitura aktibo eta osasuntsuagoak sustatzeko. Jarduera fisikoa modu erregularrean egiteak onura ugari eragiten dizkio osasunari eta hainbat gaixotasuni aurre egiteko eraginkorra dela frogatu da; hala nola, hipertentsioa, diabetesa, asma, hiperkolesterolemia edo depresioa besteak beste.
Nola funtzionatzen du?
Zerbitzuaren teknikaria Asier Urzelai eskoriatzarra izango da, eta berak zure behar eta lehentasunak aintzat hartuz, lagundu egingo zaitu. Zuretzat egokiena den jarduera identifikatuko du, programa bat proposatuko dizu eta elkarrekin jarritako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du.
- Lehenengo, elkarrizketa indibiduala egingo da, eta bertan teknikariak interesdunaren profila ezagutuko du, bai eta haren beharrak, interesak edo ariketa fisikorako zailtasunak ere.
- Datu horietan oinarrituta, banakako programa eskainiko da, gure udalerrian dauden ekipamenduak eta ariketa egiteko aukerak kontuan hartuta.
- Jarraipena egingo da, eta, bertan, egindakoa aztertuko da eta hobetzeko proposamenak txertatuko dira.
- Denbora-tarte baten ondoren, lorpenen ebaluazioa egingo da.
Ordutegiak eta kontaktua
- Astelehenetan kiroldegian 15:00 -19:00
- Astearteetan Kultur Etxean: 9:00-13:00
- Asteazkenetan Osasun Zentroan: 9:00-13:00
Lehen hitzordua eskatzeko
- Telefonoz 647749710
- Emailez mugituzbizi@eskoriatza.eus
Proiektu hau hainbat erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da, hala nola Eskoriatzako Udalarena, osasun zentroarena (Osakidetza), Osasun Departamentuarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena.