Kiroldegiko txartela dagoeneko eskuragarri dago «NIK Patrika Digitala» aplikazioan
2026 / 03 / 04
Eskoriatzak bat egin du «Nik Patrika Digitala» aplikazioari esker beren kirol instalazioetara mugikorraren bidez zuzenean sartzeko aukera ematen duten Euskadiko kiroldegiekin.
Eskoriatzako kiroldegiko erabiltzaileek orain instalazioetara errazago sartu ahal izango dute: mugikorraren bidez, «NIK Patrika Digitala» aplikazioa erabiliz. Ekimen honen bidez, udalak urrats berria eman du herritarren egunerokoa errazteko konpromisoan, udal zerbitzuetarako sarbidea hobetzen eta bizitza sinplifikatzen duten irtenbide digitalen alde eginez. Hemendik aurrera ez da beharrezkoa izango txartel fisikoa aurkeztea edo QR kodeak erakustea: aplikazioan integratuta eramatea nahikoa izango da.
«NIK Patrika Digitala» Euskal Autonomia Erkidegoan instituzionalki bultzatutako aplikazio mugikorra da, eta hainbat txartel eta eguneroko agiri toki berean biltzeko aukera ematen du (osasun-txartela, liburutegikoa, Gazte Txartela eta, hemendik aurrera, Arrigorriagako kiroldegikoa ere bai). Horrela, herritarrek hainbat zerbitzu publikotara sar daitezke mugikorretik, modu azkarrago eta seguruagoan. Aplikazioa doan deskargatu daiteke Google Play eta App Store plataformetan. Behin instalatuta, nahikoa da baliozko identitate digitaletako batekin identifikatzea (BakQ, Izenpe edo NAN elektronikoa) eta kiroldegiko txartela gehitzea eskuragarri dauden zerbitzuen atalean.
Eskoriatzako Udalak lanean jarraituko du udal zerbitzuetan erraztasun digital berriak eskaintzeko, herritarren eta erakundearen arteko harremana modernizatzeko eta gero eta konektatuago dagoen gizarte baten beharrei erantzuteko helburuarekin.
