Larunbatean bigarren eskuko azoka eta kale antzerkia

2022 / 10 / 20

Eskoriatzak bigarren eskuko azokaren edizio berri bat izango du larunbat honetan, urriaren 22a, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara herriko plazan.

Gero eta finkatuago dagoen eta saltzaile gehiago dituen merkatu honetan, aurten 14 postu inguruk hartuko dute parte, eta bertaratutakoek mota guztietako gaiak aurkitu ahal izango dituzte.

Etxean ditugun gauzei bigarren aukera bat ematea eta haien bizitza baliagarria luzatzen laguntzea da helburua. Arropa, liburuak, musika, jostailuak, etxeko tresnak… dira larunbatean salgai jarriko diren gaietako batzuk.

Hori guztia jai giroan egingo da honako Ordutegian: 11:00 – 14:00

Udalak doan utziko dizkie parte-hartzaileei postuetarako mahaiak, baina interesa duten pertsonek aldez aurretik izena eman beharko dute udaleko H@ZI zerbitzuan (943 71 44 07).

Postu solidarioa

Aurtengoa berezia izango da, Garagune elkarteko kideek postu bat jarriko baitute, eta bertan  birziklatutako materialekin eurak egindako hainbat gauza salduko dute. Garagune irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatua da, Gipuzkoan zehar hainbat zentro dituena, eta desgaitasun intelektuala duten helduei eguneko arreta eskaintzen diena.

Zirko Txosko: Antzerki, umore eta zirkuaren arteko nahasketa

Horrekin guztiarekin batera, eta azoka animatzeko, musikaz gain, 13:00etan kale antzerkia izango da plazan, eta Zirko Txoskok Oh-Pera antzezlana aurkeztuko du, eta antzezlan osoan zehar, zirku teknikak oso modu berritzailean azalduko dira, ikuskizunaren dramaturgiaren barnean guztiz integraturik .

...bizitzan bezala OH-PERA-n, egonkortasuna EZ da existitzen! bi pertsonaia hauek sortutako mundu hau etengabe eraldatzen da…

Zalantzarik gabe, obra honetan, arriskua da nagusi; oreka izugarriak, bikoteko akrobazia, aire akrobazia, malabareak… eta ezusteko pila bat!