Mario Padilla txistularia hil da
2024 / 05 / 17Atzo, maiatzak 16, hil zen Mario Padilla Maguregui, eta hileta elizkizuna bihar, larunbata, izango da arratsaldeko 19:00etan, Eskoriatzako San Pedro parrokian.
Mario 1928an jaio zen Otxandion, baina umetatik izan du Eskoriatzarekin lotura, aita Zarimutz elizatekoa baitzuen. 1965.urtean, Edurne Magunazelaia emaztearekin sortutako familiarekin batera etorri zen Eskoriatzara bizitzera, eta harrez gero euskal kulturaren sustatzaile aparta izan da Eskoriatzan.
Ume umetatik izan zuen musika-zaletasuna, koruan kantatzen hasi, musika ikasi eta txistularia izan da Mario. Horrez gain, Eskoriatzan bandako zuzendaria ere izan zen eta txistulari- eta Gorosarri dantzari-taldearen sortzailea. Gainera, ikastolaren bultzatzailea ere izan zen ikastolen mugimendua abiatu zenean.
Berak egindako lan handiari esker dirau indarrean oraindik ere gure herriko txistulari taldeak eta asko eta asko izan dira eta dira euskal dantzariak.
Urteetan herriaren eta euskal kulturaren alde egindako lana gogoratzeko, merezitako omenaldiak jaso izan ditu bizitzan zehar: herriko jaietan pregoilaria izan zen 1991n; 2005. urtean, berriz, omenaldi ekitaldi beroa eskaini zion Eskoriatzako herriak, bere ikasle izandako ehun bat txistularik egindako kalejirarekin, Udalak “Txistularien harratea” izena jarri zion herriko txoko bati eta bertan bere omenezko eskultura jarri zen, konpondu berria izan dena. Gainera hainbat ekitaldi eta kontzertu eskaini ziren bere omenez, eta Jesus Urrutiak eta Imanol Andetxagak konposatutako Mario biribilketa estreinatu zen.
Azken omenaldi hunkigarria, 2023ko urriaren 28an egin zitzaion, Bailarako Txistulari egunean, txistulari talde osoak bere etxe-aurrean Atiarno biribilketa jo zuenean; berak etxeko balkoitik txalotu eta eskertu zituen.
Euskal Herriko Ahotsak webgunerako testigantzak ere jaso zitzaizkion Mariori 2005. urtean eta entzungai daude berak kontatutako zenbait kontu.
Belaunaldi askoren maisu, erreferente eta lagun izan da Mario, baina irakasle izatearen gainetik, pertsona moduan erakutsitako baloreak azpimarratzen dituzte bere inguruan egondakoek.
Ez da berehalakoan ahaztuko Mariok Eskoriatzan utzitako arrastoa. Eskerrik asko Mario!