Mendian Hil, Hirian Hil dokumentala Eskoriatzan
2021 / 02 / 02Otsaileko lehenengo bi larunbatetan, “Mendian Hil, Hirian Hil” oroitzapen eta itxaropenaren gaineko dokumentala proiektatuko da Zaldibar antzokian, hain zuzen ere, otsailaren 6an eta 13an arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak jadanik salgai daude kiroldegian 3 euroan.
Iñaki Peña da dokumentalaren zuzendaria. Peña Debagoienako Ospitaleko Zainketa Aringarrietako medikua da, eta honakoa bere ikus-entzunezko hirugarren lana da; heriotza, dolu prozesua eta gainditze fasearen inguruko trilogia bati amaiera ematen diona. Peña otsailaren 13ko emanaldian Eskoriatzan bertan egongo da, dokumentalari buruzko gogoetak ikusleekin konpartitzen.
Mendi Film Festivalen saria
Dokumentala Bilbao Mendi Film Festival-eko Sekzio Ofizialean estreinatu zen, 2020ko abenduaren 6an, Euskalduna Jauregian, eta Euskarazko Film Onenaren Saria irabazi zuen.
“Mendian Hil, Hirian Hil” oroitzapenaren eta itxaropenaren gaineko dokumentala da eta hauxe du hari-mutur: “Mendi tontor elurtuan edo eta ospitale bateko logela batean hildako senide bat gogora ekar dezakegu bihotzean minik sentitu gabe? Maite dugun pertsonaren heriotza, galerak eragindako mina eta sufrimenduaren gainditzea nola bizi ditugu. Iraganean errotutako etorkizunak eragiten duen itxaropen, joan zirenak gogora ekartzea…”.
Debagoiendarrak dokumentalean
Dokumentalak 58 minutuko iraupena du eta Peñaren zuzendaritzapean Arteman Komunikazioa aritu da, bereziki Josu Txintxurreta eta Eider Ballina editore eta post-produkzioan. Gainera, Pirinioetan hildako Mikel Crespo Zuazua zenaren senideen testigantzak jaso dira eta musika Eñaut Zubizarreta Mendieta egindakoa da.