NASTEBORRASTE dantzaren estreinaldia
2024 / 01 / 25NASTEBORRASTE Eduardo Gorosarri musikari eskoriatzarrak sortutako txistu-pieza bat da eta pieza horretan oinarritutako dantza sortu eta estreinatuko da aurtengo inauteri astearten.
Eduardo Gorosarri Maiztegi (1889-1947) Eskoriatzan jaiotako musikaria izan zen, musika erlijiosoko 30 bat lan eta txistu, organo eta abesbatzetarako musika pieza ugari sortu zituena. Nasteborraste pieza hau zehazki zein urtetan sortutakoa den ezagutzen ez bada ere, jakina da 1929an Bilboko Txistulari txapelketara aurkeztu zela eta 1966ko Txistulari aldizkarian publikatu zela. Beraz, aurreikusi daiteke duela 100 urte inguru sortutakoa dela.
Pieza txistulari taldeetan oso ezaguna da eta horregatik aukeratu dute Eskoriatzako txistulariek Nasteborraste pieza hau dantzarako. Hori horrela, Beheko Errota musika eskolan irakasle den Idoia Lahidalgak pieza horretan oinarritutako dantza sortu du, aurrerantzean Eskoriatzako inauterietan dantzatzeko moduko pieza erraz eta herrikoia.
Kukumarroak, kalejira, dantzak eta estreinaldia
Eskoriatzan aparteko protagonistak ditugu asteartean: kukumarroak, kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera arratsaldeko 17:15ean.
Kukumarroak basoko izakiak dira, negu amaieran jendea zirikatu eta beldurtzera herrira jaisten direnak. Umeek burla egiten diete “kukumarro txorimalo” esanez. Negua bukatzen ari dela irudikatu nahi du soinean jantzita eramaten duten bildots-larruak, eta udaberria gertu dagoela adierazten du soinean daramaten loredun amantalak. Bildots-puxikak eskuetan, haurrak xaxatu eta beldurtzen dituzte Eskoriatzako inauterietako protagonista diren pertsonaia hauek.
Ondoren, 18:15ean pilotalekutik irtenda, Eskoriatzako Ad Libitum txarangarekin kalejira egingo da euskal inauterian hain ezagunak diren Hartza eta Mielotxin protagonista direla, eta herritar guztiak animatu nahi dira kalejira horretan parte-hartzera.
Plazara iritsitakoan, 18:45 inguru, Behekoerrota musika eskolako dantza taldearen emanaldia egingo da eta Nasteborraste dantzaren estreinaldia.
Bukatzeko, Eskoriatzako txistulari bandarekin erromeria egingo da plazan.