Ostegun Bidaiariak, ostegun honetan hasiko da
2019 / 09 / 10Irailaren 12an emango dio hasiera Eskoriatzako Ostegun Bidaiariak ekimenaren seigarren edizioak. Hainbat eskoriatzarrek bisitatu dituzten urruneko herrialdeak ekarriko dituzte gure artera. Thailandia, Alpeak eta Andeak izango dira aurten hizpide, Asia, Europa eta Amerika, guztiak Zaldibar antzokiko aretoan entzuteko aukera egongo da. Hemen xehetasunak:
THAILANDIA HILABETEZ
Irailak 12, osteguna, 21:00 – Zaldibar antzokia
Hizlaria: Imanol Beloki
Anek eta Imanolek “motxilero” moduan ezagutu nahi izan zuten Thailandia. Tenpluetan hasi zuten bidaia (iparraldean) eta paradisuaren itxurako hondartzetan amaitu (hegoaldean). Bitartean itsasoko ur gardenetan snorkell egiteko aukera izaten zuten, eta ordura arte probatu gabeko janak dastatu eta arroz-soroak bisitatu zituzten. 2018ko udan egindako bidaia da.
ALPE ITALIARRAK: autokarabanan eta bizikletan
Irailak 19, osteguna, 21:00 – Zaldibar antzokia
Hizlariak: Asier, Xabi, Iker, Jon eta Iñigo
2018ko udan 5 lagunek autokarabana alokatu eta Italiako Alpeetara jo zuten mendiko portu mitikoenak bizikletan igotzeko (Mortirolo, Stelvio, Gavia eta Passo Pordoi). Bizikletaz gain oinez ere egin zuten ibilbide zirkular bat, ”Lavaredoko Hiru Tontorrak”. Eta handik bueltan, etxeratu aurretik, Frantziako Kosta Urdinean atsedenerako geldialdia egiteko ere aprobetxatu zuten.
5 lagun, beste hainbeste bizikleta, autokarabana bat, kilometro asko eta esperientzia berriak ugari.
UDA ANDEETAN: Mendozatik Patagoniara
Irailak 26, osteguna, 21:00 – Zaldibar antzokia
Hizlariak: Beñat Arrieta eta Unai Jiménez
Txilen, unibertsitateko mugikortasun programa bukatu eta oporrak hartu genituenean, etxera etortzea besterik ez genuen buruan… Bueno! baina baziren aurretik ikusi nahi genituen hainbat toki, eskalatu nahi genituen hainbat pareta, deskubritu nahi genituen hainbat txoko. Amets horiek betetzen ibili ginen hilabete eta erdiz Andeetan, iazko Gabonetan, abentura Mendozan hasi eta Patagonian bukatuz, bidean hainbat esperientzia bizi eta lagun berriak eginez.