Saguzarren gaua: mitotik errealitatera
2025 / 05 / 27Ezezagunak diren animaliak dira saguzarrak. Mito ugari sortu da gainbeheran dauden ugaztun hegalari hauen inguruan. Beraietaz gehiago jakin eta gure herrian dauden espezieak ezagutzeko gaua antolatu du Eskoriatzako Udalak.
Ikuspegi zientifiko batetik, sekulako aberastasuna dute saguzarrek. Hemen, Euskal Herrian, 27 espezie daude deskribatuta, Naturtzaindia Elkarteko Naiara Corcuera eta Ion Fontenlak idatzitako Euskal Herriko saguzarren gidan jasotzen direnak. Erakusketa ibiltari bat prestatu dute, eta saguzarren gauak antolatzen dituzte, irakasteko zein inportantea den horiek kontserbatzea, zer funtzio garrantzitsua betetzen duten geure ekosistemetan, eta zer egin daitekeen eurei laguntzeko. Izan ere, gizakiarentzat ez dira arriskutsuak, aitzitik, gizakia bihurtu da arrisku haientzat: bai haien habitata suntsitzeagatik, bai haien gordelekuetan eragindako kalteengatik, eta, ondorioz, galzorian daude asko.
Saguzarren gaua
Ekintzak bi zati izango ditu: erakusketaren aurkezpena eta ondorengo detekzio jardunaldia.
Santa Marina plazako erakusketan saguzarren inguruko azalpenak eskainiko dira, saguzarren babes-kutxak erakutsiko dira eta detekzio gailu ezberdinak bertatik bertara aztertzeko aukera izango da. Iluntzen hasten denean, ultrasoinu detektagailuez baliatuz, parte-hartzaileek saguzarren deiak entzun ahal izango dituzte. Horrela, bertan hegan dabiltzan saguzarren espezieak identifikatu ahal izango dira.
- Eguna: maiatzak 30
- Ordua: 20:30
- Lekua: Santa Marina