Teleskoko bideoteka aurkeztu da
2025 / 06 / 27Atzo, ekainaren 26a, aurkeztu zen Teleskoko bideoteka digitalizatu eta jendarteratzeko egitasmoa. Oraindik bukatu barik badago ere, bideoteka nola egin den eta ikusgai non jarriko den azaldu zen.
1985eko sanpedroetan egin zuen Telesko herri telebistak lehenengo emanaldia, beraz justu 40 urte betetzen diren honetan egin da digitalizazio proiektuaren aurkezpena.
Udaletxeko plano aretoak Teleskoko lan-taldea osatu zuten langile eta kolaboratzaileak hartu zituen, lanaren nondik-norakoak primizian haiei azaltzeko. Edorta Barandiaran kultura arloko zinegotziak adierazi zuen udalaren helburuak zirela Teleskoko lan-taldea osoari aitorta eta esker ona adieraztea; Teleskon grabatutako irudi guztiak hondatu edo galdu aurretik digitalizatzea, eta digitalizatu ondoren jendaurrean jartzea.
Eskoriatza Iruditan
Orain arte aspaldiko argazkien biltegia zen Eskoriatza Iruditan plataforma aurrerantzean Teleskoko bideoen biltegia ere izango da. Hasierako orrian bilatzaile bat dago eta bilaketa egiteko norberak nahi duen terminoa sartu daiteke (adibidez kontzertua, san pedro, sanpedroak, karnabalak…) eta aukeratu daiteke argazkiak, bideoak edo biak bilatu nahi diren. Gainera gaien araberako bilatzailea ere badauka plataformak.
Oraindik ere lanaren zati handi bat egiteko dago, baina digitalizatu ahala, bideo bakoitzari buruzko informazioa gehitu eta Eskoriatza Iruditan plataformara igoko da.