Txupinazo ostean, Eskoriatzako ereserkia

2025 / 06 / 27

Eskoriatzako ereserkia 1988an estreinatu zen. Juan Carlos Irizarrek konposatu zuen (garai hartan Musika Eskolako zuzendaria) eta Trankil-ek jarri zizkion hitzak.

Orain, 37 urte beranduago, teknologia berriak aprobetxatuz grabazio berria egin da, musika eta ahotsarekin, eta bihar, ekainaren 28a, zuzenean entzun ahal izango dugu txupinazoaren ostean.

Beheko Errota Musika Eskolak sustatuta asmo honetan, 49 lagunek parte-hartu dute, hiru ahotsetan abestuz, eta Musika Eskolako bandak ere parte hartu du.

Bihar, txupinazo ostean, Eskoriatzako ereserkia entzuteko aukera izango dugu, zuzenean, gure herriko musikari eta abeslariei esker. Hauxe da grabazioa:

Rock estiloan ere grabatu da

Aitor Moreno Beheko Errota Musika Eskolako irakasleak eraginda, bestalde, Eskoriatzako ereserkia rock estiloan ere grabatu du musika eskolako ikasle talde batek. Eskoriatzako ereserkia zortziko konpasean eginda dago eta orain arte bandarako, abesbatzarako, txistuarekin jotzeko…egokituta zegoen. Orain, rock estiloan  ere entzungai dago, bertsio berritzaile eta modernoagoan. Bertsio hau, hilaren 20ko ikasturte amaierako ekitaldian aurkeztu zuten, eta txalo zaparrada jaso zuen emanaldiak.

Teleskoko bideoteka 
Atzo aukerkeztu zen Teleskoko bideoteka, eta hor ere badago 1988an Eskoriatzako txistulariek Teleskoko platoan interpretatutako bertsioan lehenengo, eta ondorenb abesbatzak kantatuta.
Irudietan ikusten diren txistulariak honakoak dira, ezkerretik eskumara: Gerardo Armendariz, Asier Alegria, Aitzol Iturrospe, Bea Aldai, Oihana Aranburuzabala, Ignacio Pagalday eta Mario Padilla.