Udal euskaltegian matrikulazioa zabalik

2021 / 09 / 06

Euskara ikasi edo hobetu nahi duen edonork, Leintz Udal Eukaltegian izena emateko aukera dauka, matrikula epea zabalik baitago.

Bekak, hobariak eta diru laguntzak

Aurten matrikulazio-prezioan beka, diru laguntza eta hobari bereziak aplikatuko dira, beste urte batzuetan baino abantaila handiagoekin. Kontsultatu hemen hobariak hemen langabetuendako hobariaren xehetasunak.

Langabetuak, ikasleak, familia ugariak, errenta mailaren araberako prezioak… galdetu, matrikula-prezio bereziak daude eta.

Gainera, ikasturte bukaeran %75eko asistentzia egiaztatzen dutenei udalak diru laguntza emango die eta matrikula doan aterako zaio ikasleari.

Informazio zehatzagoa nahi dutenek, inolako konpromisorik gabe eska dezakete.

Informazioa aurrez aurre

Irailaren 6tik aurrera infomrazioa lortu edomatrikula egiteko euskaltegiak bulegoa zabalduko du Euskal Txokoan, hain zuzen ere Intxaurtxueta auzoa 10-behean duen bulegoan, honako ordutegian:

  • Astelehenetik ostegunera 16:00 – 19:00
  • Ostiraletan 09:00 – 13:00

Euskaltegiak maila eta ordutegi desberdinetako klaseak eskaintzen ditu, hala nola:

  • ESKOLAK, ordutegi eta eredu desberdinak:
    • 2, 3 edo 4 egun astean
    • Txandakako taldeak
    • Online.
  • MAILAK:
    • Euskalduntze maila guztiak
    • Hizkuntza eskakizunak eta titulo homologatuak.

Talde berezia – ULER-SAIOAK

Aurten gainera euskara ulertu ere egiten ez dutenentzako talde berezia sortuko da, Uler-saioak izenekoa. Talde horren hasierako helburua euskara ulertzen hastea da. 60 orduko ikastaroa izango da urrian hasi eta otsailean amaituko dena, astean 2 orduko 2 saio eginez.

Ikastaro hau proba pilotu gisa dator EHUren eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik, eta hizkuntzaren ulermenean oinarritutako ikaskuntza-metodologia berria probatu nahi da. Azken urteotan, Euskaraldia bezalako ekimenekin, ulermenean jarri da komunikazioaren fokua; hizkuntza bat erabili ahal izateko, besteak ulertzea nahikoa da, horrela elkarrizketa elebiduna praktikan jar daiteke, komunikazioa bermatuz.

Zenbait herritar Euskaraldiaren bi edizioetako dinamikatik kanpo geratu dira, euskararik ez ulertzeagatik. Horiei zuzenduta, ikastaro espezifikoa egiteko aukera eskaintzen da orain, gutxieneko ulermen maila lortzeko.

Ikastaro hau doan izango da, eta berezia denez, bertan parte-hartu ahal izateko irailaren 17a baino lehen eman beharko da izena.

Informazio gehiago