Udaletxeko obrak bukatu dira

2021eko abenduak 22

Udaletxean arreta zerbitzua hobetzeko helburuarekin egin diren obrak bukatuta daude, eta ondorioz, herritarrentzako arreta abenduaren 23tik aurrera udaletxean eskainiko da.

Administrazio Publikoak egungo lan-egiteko modu berrietara egokitzeko beharraz jabetuta ekin zion Eskoriatzako Udalak duela urte eta erdi eraldaketa prozesu bati.  Eraldaketa horren baitan hainbat aldaketa gauzatu ditu bai erakundearen funtzionatzeko moduari dagokionez, eta baita espazio fisikoen antolaketari dagokionez ere, eta horren helburua herritarrek udalarekin harremanak izateko eta udalean tramiteak egiteko prozesua erraztea izan da.

 

Abenduaren 23tik aurrera udaletxearen sarreran Herritarrentzako Arreta Zerbitzu Integrala (H@ZI) egongo da, “lehiatila bakarraren” kontzeptuan lan egingo duena. Bertan egin ahal izango dituzte herritarrek udalarekin egin beharreko tramite guztiak. Zerbitzu honen ohiko ordutegia honako hau izango da:

8:00 – 14:30

Eraldaketa honetarako, baina, espazio fisikoa antolatzeaz gainera baliabide elektronikoak, tramitazio digitala eta beste zenbait tresna ere jarri dira herritarren eskura, eta horien berri urtarriletik aurrera zabalduko da.