Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa emakumeentzako

2021 / 09 / 08

Arrasateko Abian Fisioterapia Zentroko fisioterapeuta den Saioa Baenak, zoru pelbikoaren berreziketan, obstetrizian eta ginekologian adituak emango du saioa Eskoriatzan eta  bereziki pentsatuta dago menopausia sasoian daudenentzat, umetokia edo puxika erorita dutenentzat, pixa galerak dituztenentzat edo/eta erditu berri dauden emakume gazteentzat, erditze osteko tratamendu gisa.

Muskulatura prestatzea

Emakumeek, bizitzan zehar zoru pelbikoan eragina duten egoera asko bizi izaten dituzte, batzuk ezohikoak eta beste batzuk egunero-egunerokoak: hormona gorabeherak, erditzea, zenbait lanetan jardutea, kirola egitea, pisuak jasotzea, eztul edo doministiku egitea, oihukatzea eta abar.

Horrelako ekintza bakoitzeko zoru pelbikoa ahuldu egiten da eta behin adin batetik aurrera, ohikoa izaten da pixa galtzen hastea. Horrelakoetan, konpresak erabiltzeko gomendioa ematen da… baina askoz eraginkorragoa litzateke gune horretako muskulatura prestatzen irakastea.

Hori horrela, interesa duen edozein emakumek parte hartu ahal izango du ikastaroan.

10 saio guztira

Guztira, ordu eta erdiko 10 saio dira, eta alde teorikoa eta praktikoa izango dute. Teoriari dagokionez, zoru pelbikoaren anatomia, postura berreziketa… landuko dira. Alde praktikoan, berriz, honakoak: zoru pelbikoaren kontzientzia hartzea, perineorako ariketa zehatzak, gimnasia abdominal hipopresiboa eta postura ariketak orokorrak.

Azken saioan, zoru pelbikoaren balorazioa egiteko aukera egongo da, zenbait disfuntzioren aurrean perineoko muskulaturaren egoera ebaluatzeko.

Ikastaroaren amaieran, etxean lantzeko ariketa-taula bat entregatuko da, idatzizkoinformazioa banatuko da eta sor daitekeen edozein zalantza argituko da. Horrez gain, alarma sortu beharko luketen egoeren gaineko informazioa emango da eta baita halakoetan ze zentro espezializatutara jo daitekeen ere.

Saioetan gehienez 14 emakumek parte hartu ahal izango dute

Izena ematea

Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman behar da izena, irailaren 17a baino lehen. Orain udaletxean egiten ari diren obrak direla eta gizarte zerbitzuen bulegoa, gaur egun, Ibarraundi museoan dago honako ordutegian: 8:00 – 14:30. Telefonoz ere deitu daiteke izena eman edo informazio gehiago eskuratzeko: 943 71 31 36

Prezioa pertsonako: 50 €