Zuhaitz Eguna igandean

2024 / 01 / 23

Urtero egiten den bezala, aurten ere Zuhaitz Eguna urtarrilean ospatuko da eta aurreko urtean jaiotako umeen familiei parte-hartzeko deia egiten zaie. Zuhaitz landaketa urtarrilaren 28an izango da eta horretarako, familiak 11:00etan elkartuko dira Ibarraundin, landareak hartu eta Torrebasora joateko, aurten Torrebason landatuko baitira zuhaitzak.

Ekintzaren esanahia

Ekintza honekin, zuhaitzek gure bizitzan duten garrantzia ikusarazi nahi da, eta jaioberrien familiak horren parte izatera gonbidatu. Zuhaitzek oinarrizko rola dute gure eguneroko bizitzan, ez bakarrik bizitza garatzeko funtsezko zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dituztelako, baizik eta bestelako giroa sortzen dutelako, biodibertsitatea erakartzen dutelako, ura bizi-baliabide gisa babesten dutelako eta bizi-kalitatea, osasuna eta ongizatea hobetzen dutelako.

Landatuko diren zuhaitzak

Aurten 12 zuhaitz landatuko dira. 2023an Eskoriatzan 23 haur jaio ziren, hortaz, bi familiako zuhaitz bat sartuko da. Torrebason landatuko dira, bidegorriaren ondoan. Lanera joateko eta orokorrean mugitzeko bizikleta erabiltzen duten eskoriatzarrekin egindako topaketetan, bidegorriaren zenbait zatitan itzala emango zuten zuhaitzak egotea eskertuko luketela esan zuten. Beraz, aurtengo zuhaitz egunean landatutako zuhaitzak hazten direnean, Eskoriatza bizikletan ibiltzeko herri atseginagoa izango da.

Gonbidapen berezia

Iaz, Skate Park berria egiteko obrak hasi zirenean, sei zuhaitz kendu behar izan ziren, hain zuzen ere 2005 eta 2008. urteetan jaiotakoen izenean landatutako zuhaitzak. Hori horrela, aurtengo zuhaitz eguneko landaketan urte horietan jaiotako pertsonei gonbidapen berezia egiten zaie, beraiek era parte hartu dezaten.

Pailazoek oparitutako zuhaitza

Iazko azaroaren 24an Pirritx, Porrotx eta Marimototsek “Ez gara jaitsiko” ikuskizuna eskaini zuten Eskoriatzako kiroldegian, Amazoniaren eta Amalurraren zaintzari irriak, jolasak eta kantuak eskainiz; eta emanaldi horretan pago bat oparitu zioten Eskoriatzako herriari, zuhaitz egunean, beste zuhaitzekin batera landatzeko. Pago hori gainontzeko lizar, astigar eta elorriekin batera landatuko da.

Ekintza honen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 715 453 telefono zenbakira.