Gaztelua
Erdi Aroko dokumentuetan jada, agertzen da Atxorrotx: Aitzorrotz, Aizçorroz edo Aitz Çorriz … eta bere izenak dioen bezala, gailur zorrotza da.
Eskoriatzako Bolibar elizatean dago, Debagoiena Eskualdean (Gipuzkoa), Arabako eta Bizkaiko mugatik gertu, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean.
Natur aberastasun izugarria eta paisaia aniztasun handia dago bertan. Hau da, biodibertsitatearen ikuspuntutik eremua oso interesgarria da, bertako animalia eta landare babestuak asko direlako.
Hala ere, paraje natural horretan benetan gailentzekoa dena Erdi Aroko gotorlekua da, gaur egun, Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa dena, alegia, Eusko Jaurlaritzak 2012an monumentu izendatutakoa.
Atxorrotzeko gazteluari buruzko lehenengo erreferentzia dokumentalak XII. mendekoak dira, gotorlekuaren kargu zeuden tenente nafarrak aipatzen direnekoak.
XII. mendera arte, Gipuzkoa Atxorrotxetik gobernatutako tenentzia izan zen baina 1199. urtean Antso Indartsuak tenentzia bitan (Gipuzkoa eta Donostia) zatitu zuen, eta hori gutxi balitz, Gaztelako Alfontso VIII.ak, Nafarroako erreinua eraso zuen Pancorbotik; Gasteiz setiatu zuen eta Gipuzkoako, Durangaldeko eta Arabako plaza defentsiboak okupatu zituen. Gaztelako konkistak eta tenentzien desagertzeak oinaztarren eta ganboatarren feudalismoa suspertu zuen.
Henrike IV.a Gaztelako monarka Ahaide Nagusien aurkako erasoan ibili zen garaiko dokumentuetan berriz agertzen dira Atxorrotxeko gazteluari buruzko erreferentziak. Eta 1463koa da gazteluari buruz aurkitu den azkeneko aipamena.
XVI.-XVII. mendeetako okupazio militarrei buruzko berririk dokumentatu ez den arren, aztarnategian aurkitutako pika punta batek garai hartan okupazio militarra izan zitekeela pentsarazten du.
Gerra Napoleonikoen garaian ere, baliteke okupazioa izatea, aztarnategiaren gainean dagoen Gurutze Santuaren ermita barruan frantsesezko hitzak agertu baitira.
Era berean, lehen karlistadan gaztelua berrerabili zela zioen Pablo Gorosabelek. Gorosabelen arabera, armen aztarnak aurkitu zituzten, baita erromatar garaiko zenbait txanpon ere.
Amaitzeko, 1968an eta 2009an egin ziren indusketa arkeologikoen ondorioz, gerra zibileko trintxerak eta bala zorroak agertu ziren.
Nolakoa zen gaztelua?
Atxorrotzeko gotorlekua kontrolerako ikuspegi ikaragarria eskaintzen duen 750 metroko gailurrean dago.
Gotorlekura sartzeko bidexka bat dago, harkaitz naturalaren irekiera aprobetxatuta, babes sistema indartzeko balio zuena. Mota honetako gazteluen sarrera babesteko, askotan egurrezko dorreak egoten ziren. Hala ere, Atxorrotzen ez da horrelakorik baieztatzen duen aztarnarik aurkitu.
Sarrerako bidexka igaro ondoren, harkaitzak bereizitako bi gunetan zatituta dago gotorlekua: behekoa, sarreraren ondoan dagoena, eta goikoa, gazteluaren gune nagusiak okupatzen duena. Bi mailako eraketa hori funtzio defentsiboa hobetzeko helburuarekin egin zutela pentsa daiteke. Horrela, beheko partean ziurrenik zaintzaileendako bizitokiak egongo ziren eta goiko esparru nagusian, berriz, hau da, ermita dagoen tokian, uraska eta dorre nagusia.