Liztor asiarra harrapatzeko tranpak ipiniko dira
2023 / 03 / 28Eskoriatzako Udalak bertako erlazainekin elkarlanean Liztor Beltzaren (Vespa Velutina) aurkako kanpaina abiaraziko du.
Liztor Beltza gure ekosistemen orekarako mehatxua da, erle arruntaren populazioarengan (Apis melifera) oso eragin larria izaten baitu.
Liztor beltzen dietan %60 bertako erleak dira. Erlauntza sarreratan egoten dira zain; batetik kanpotik nektarrez beteta datozen erleak harrapatzen dituzte, eta bestetik barruan daudenei beldurra eragiten diete eta ez dira irtetera ausartzen, eta azkenean hil egiten dira. Erlazainek egindako kalkuluen arabera, udan zeuzkaten erleen %50 inguru desagertzen zaie udazkenerako. Hortaz, erlezainak oso kezkatuta daude bertako erleak erasotzen dituen espezie honen ugaritzearekin eta neurriak hartzeko antolatu egin dira.
Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean, udalerrian 80 tranpa jarri dituzte eta bi hilean jarraipena egingo diete, Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako daukan fitxak erabiliz.
Tranpak
Tranpa hauek oso selektiboak dira, bi zulo nagusi dituzte, Liztor beltza baino handiagoa den bertako liztorra (Vespa Crabro) ez da sartzen eta Liztor Beltza baino txikiagoak diren gainontzeko intsektuak irten daitezke. Liztor beltza sartu sartzen da, baina ezin du irten. Botila barruan, likido gozoa jartzen da, liztorrak erakartzen dituena.
Argazkiko tranpa astelehenean jarri zen eta ostegun goizean Liztor beltzaren zortzi erregina zeuden harrapatuta.
Zergatik orain?
Liztor Beltzaren erregina gazteak, otsaila/martxoan hibernazio lekutik ateratzen dira (lurzorua, enborretako zuloa…) eta apirila/maiatza bitartean hauetako bakoitza habia bat eraikitzen hasten da. Lehen errunaldia izaten du eta langileak sortzen hasten da.
Liztor Beltzaren aurkako tranpak martxoaren 1etik apirilaren 30era jartzen dira, habia berriak egitera doazen erregina gazteak harrapatzeko eta hemengo liztorrak ez kaltetzeko, orduantxe hasten baitira irteten.
Gero zer?
Apirilaren 30ean amaituko da tranpen kanpaina eta ondorioak ateratzeko momentua izango da. Zenbat liztor harrapatu diren zenbatuko da eta tranpak eraginkorrak izan diren ala ez jakingo da. Horren arabera, hurrengo kanpainen diseinua egingo da.